GAUR8 - mila leiho zabalik

Gabonart, artisautza azoka Bilboko Areatzara itzuli da

Eskulangileen sormenerako espazioa den Gabonart azokak zabalik ditu ateak Bilboko Areatzan. Ehungintza, bitxigintza, larrugintza edota kosmetika arloko hainbat proposamen biltzen ditu azokak, urtarrilaren 5era arte.

This browser does not support the video element.


Gabonart artisautza azokaren edizio berri batek zabaldu ditu ateak Bilbon, Areatzan. Patinajeko pistaren ondoan, euria eta hotza kalean utzi eta espazio estali horretan, 54 artisauren lanak biltzen dira. Urtarrilaren 5era arte egongo da zabalik. Bi egunetan baino ez du itxiko, abenduaren 25ean eta urtarrilaren batean.

Gabonart azoka Areatzan dago. (Aritz Loiola/FOKU)

Maider Mendinueta bitxigilea eta azoka antolatzen duen Arbaso elkarteko kidearekin hitz egin du GAUR8k eskulangileei eskainitako espazio horren ibilbidea ezagutzeko. Zehaztu duenez, Euskal Herriko artisauez gain, Estatutik etorritako proposamen batzuk biltzen ditu azokak.

Izan ere, Gaztela-Mantxa, Gaztela eta Leon, Asturias, Galizia edota Kataluniatik etorritako artisauen lanak ikus daitezke azokan. Erakusmahaiei begira, ehungintza da nagusi baina bitxigintza, larrugintza, zeramika, zura edota kosmetika aurki daitezke postuetan.

Plaza handia sektorearentzat

Mendinuetak azaldu duenez, Gabonetako azoka espazio garrantzitsu bat da artisauentzat, salmenten aldetik eta erakusleiho gisa, sortutako lanak ezagutzera emateko. Dioenez, kontuan hartu behar da zenbait kasutan azokez gain salmentetarako puntuak dituztela artisauek, denda edota tailerra, baina hainbat kasutan azokak dira bezeroarekin harreman zuzena ahalbidetzen duten espazio bakarrak.

Bitxigintza stand bat aurtengo edizioan. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Azaldutakoaren arabera, Instagram bezalako sareak erakusleiho izan daitezke baita salmentak egiteko bide ere, baina azokek ematen duten zuzeneko kontaktu hori berezia da.

Azokak goizez eta arratsaldez zabaltzen ditu ateak egunero, 11.00etatik 14.30era, eta 17.00etatik 20.30era. Abenduaren 24an eta 31n, goizeko ordutegian baino ez du zabalduko.

Gabonart azokan ikusgai dagoen standetako bat. (Aritz LOIOLA/FOKU)