GAUR8 - mila leiho zabalik

Ikusmen zailtasunak dituzten pertsonak behar ditu BCBL-k, mekanismo kognitiboen funtzionamendua ikertzeko

BCBL ikerketa zentroak ikusmen arazoak eta erabat itsuak dien pertsonak bilatzen ditu oroimena, arreta eta hizketa prozesatzeko sistemaren funtzionamendua argitzea helburu duen ikerketa baterako.

Mekanismo kognitiboek gaitasun linguistikoetan duten eragina aztertuko dute ikerketa proiektuan. (BCBL)

Oroimena, arreta eta hizketa prozesatzeko erak ikertzea helburu duen azterlana abiatu du Basque Center of Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroak, eta proiektua garatzeko, pertsona erabat itsuak eta ikusmen zailtasun handiak dituzten pertsonak behar ditu.

Prentsa ohar batean, zentroak aipatu du ikusmen arazorik gabeko pertsonak ere aztertuko dituztela, «mekanismo kognitiboek gaitasun linguistiko hobeak sostengatzen dituzten jakiteko helburuz».

Ikerlanaren inguruan azaldu dute, zenbait ikerketek ondorioztatu dutela pertsona itsuek hizketa, oroimena eta arretaren prozesamenduan zehar gaitasun hobeak dituztela. Adibide bat jarri dute: populazioaren gehiengoak hitzak ulertzeko batez besteko abiadura 8 silaba segunduko bada, ikusmen zailtasunak dituzten pertsonen kasuan, segunduko 22 silaba ulertzeko gai dira.

Hala ere, gaitasun horren atzean dauden mekanismo kognitiboak ez daude argi oraindik, prozesu horretan «funtsezkoak izan daitezkeen garuneko hainbat arearen inguruko ikerketa urria» baita, adibidez talamoaren kasuan. «Garuneko egitura honek gorputzean jasotako informazio sentsoriala garun-azalera igorri ez ezik, informazio sentsorialean ere funtzio erregulatzailea duela dirudi», esplikatu dutenez.

Talamoa eta konexioak

«Xedea lortzeko BCBLko ikertzaileek teknika eta neuroirudi tresnez osatutako konbinazio aitzindaria baliatuko dute: zentroan bertan garatutako giza-talamoaren lehen atlasa, erresonantzia magnetikoko ekipamendua eta erretinaren inguruko informazioa erdiesteko erabiltzen den koherentzia optikoko tomografia (OCT)», zehaztu dute.

Ane Gurtubay ikertzailearen arabera, «talamoa bezalako area azpikortikalak eta honek kortexarekin dituen konexioek ere gaitasun hauetan parte hartzen duten» zehazteko aukera emango du azterketak.

«Ikerketa gauzatzeko, ikusten duten partaideak, ikusmen zailtasun handiak dituztenak eta itsuak beharko dira. Azken talde hauetan ikusmen zolitasuna 0,3 baino baxuagoa edo 20 gradu baino gutxiagoko ikuseremua duten pertsonen bila» dabil zentroa, eta «gutxienez azken 10 urteotan horrela mantendu direnak» izan behar direla zehaztu du.

Ikerlana Gipuzkoako Foru Aldundiak, Lakuako Gobernuak, Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak eta Europako Batzordeak ematen duen Marie Slodowska Curie beka prestigiotsuak finantzatua dago.