GAUR8 - mila leiho zabalik

Ontasun ekintzak ikusteak eragiten duen pertzepzioa aztertu du EHUko ikerketa batek

Ion Yarritu EHUko psikologoaren ikerketak ondorioztatu du «portaera prosoziala» sustatzeaz gain, «goratze moralak» gizakiak beste pertsonen gainean duen pertzepzioa hobetu dezakeela.

Irudian, Ion Yarritu EHUko ikertzailea. (UPV/EHU)

Ion Yarritu psikologoak egindako ikerketa batek agerian utzi du trukean ezer espero gabe besteei laguntzen dieten pertsonek egindako ontasun-ekintzen lekuko izateak gizakiak besteekiko duen pertzepzioa hobetu dezakeela.

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) ohar baten bidez jakinarazi duenez, ‘Journal of Positive Psychology’ aldizkarian argitaratutako azterlanean, Psikologia Ebolutibo eta Hezkuntza saileko ikertzaileak egiaztatu du pertsonak «goratze morala» deiturikora bultzatzeak aldaketa eragiten duela besteen jokabidea epaitzeko moduan.

Jonathan Haidt psikologo estatubatuarrak honela definitu zuen «goratze morala»: besteei mesede egiten dieten ekintza onberaren lekuko izatearen ondoriozko emozioa.

Orain, Ion Yarritu ikertzaileak urrats bat harago egin du, eta erakutsi du, «portaera prosoziala» sustatzeaz gain, «goratze moralak» hobetu egin dezakeela norberak besteekiko duen pertzepzioa.

«Normalean besteen ekintzak ekintza hori egiten duenaren ezaugarri pertsonalen kausa direla pentsatzeko joera dugu» eta «hori egiten dugu pertsona modu horretan jokatzera bultza dezaketen testuinguru-inguruabarrak kontuan hartu gabe», azaldu du EHUko ikertzaileak.

«Imajina dezagun –jarri du adibide gisa– gidatzen ari garela, eta alboko erreileko autoa gainera botatzen zaigu, balaztada bat emanez, gero bizkortzeko, bistatik galdu arte».

«Egoera horretan –jarraitu du– ohikoena maniobra arriskutsua pertsonari berari egoztea da (gidari txarra da)», eta «gutxitan edo inoiz ez zaigu bururatzen pertsona hori agian bere zirkunstantziengatik mugituta zegoela pentsatzea (agian ospitalera eraman behar zuen norbait)».

Fenomeno horri «korrespondentzia-alborapena» esaten zaio, eta «goratze morala» sentitzeak murriztu egiten duela esan du.

Yarritu doktoreak unibertsitateko ikasleekin hiru ikasketa egin ondoren atera zuen ondorio hori. Horietan aurkitu zuenez, «goratze morala eragiteak joera kognitibo hori neurri txikiagoan eragiten die, eta pertsonaren nolakotasunak nahiz bere jokabidea epaitzerakoan dituen inguruabarrak kontuan hartzen dituzte».

Ondorio horretara iristeko, ikasle talde bat «goratze morala» sentitzera bultzatu zuen, pertsona anonimo batek egindako ontasun-ekintzak erakusten zituzten proiekzioen bidez; gainerakoei, berriz, karga emozionalik gabeko edo dibertimendua eragiten zuten bideoak erakutsi zizkien.

Ikerlariak adierazi duenez, ikerketa honen emaitzek «goratze moralean oinarritutako esku-hartzeen diseinuari atea irekitzen diote, bestearen ikuspegi atseginagoa sustatzeko, gizartearen aldeko jokabidea indartzeko».