DEC. 23 2023 Gaur X urte Gasteizko tranbia gaurko egunez inauguratu zuten, 2008an 2008ko abenduaren 23an Gasteizko tranbiaren inaugurazio ofiziala egin zen. Arabako hiriburuko herritarrek ikusmin handiz hartu zuten tranbiaren iritsiera, eta ilara luzeak egin zituzten lehen egunean igotzeko. Gasteizko tranbia, artxiboko irudi batean. (Juanan RUIZ | FOKU) GAUR8 Gasteizko hiritarrek 2008ko abenduaren 23an izan zuten lehen aldiz tranbia-bidaia bat beren hirian. Inaugurazio bidaiak hamalau minutu iraun zuen, Landaberde eta Legebiltzarra artean. Ibilgailu artikulatuak 30 km/h-ko abiaduran bidaiatu zuen, eta inaugurazio orotako urduritasunaz gain ez zen beste gorabeherarik izan. Hain zuzen, Juan Jose Ibarretxe lehendakaria Legebiltzarra geltokian jaitsi zen. Lehendakariaz gain, tranbiaren lehenengo bidai horretan Nuria Lopez de Guereñu Garraio sailburua, Xabier Agirre Arabako ahaldun nagusia eta Patxi Lazcoz Gasteizko alkatea igo ziren, besteak beste. Horien guztien artean, bidaiako ezinbesteko bakarra gidaria izan zen, Ernesto Caldevilla, une oro telebista-kameraz inguratuta egon arren ontziaren norabidea ezustekorik gabe mantendu zuena, herritarrez beteta zeuden geltokietan gelditu gabe. Gasteiztar asko zain egon ziren tranbiara lehen aldiz igotzeko. 13:00etatik aurrera, herritar guztiei ireki zitzaizkien tranbiaren ateak, eta doan bidaiatu ahal izan zuten urtarrilaren 6ra arte. Landaberdeko kotxetegietako inaugurazio ekitaldia pozez eta etorkizunari begirako iragarkiz beteta egon zen. Alkateak ibilbidea Miñaoko Parke Teknologikora eta Forondako aireportura zabaltzeko asmoa azaldu zuen, Salburua eta Zabalgana auzoekin lotzeaz gain. Ibarretxek esan zuen «aurrerapena tranbiara igotzea» zela, eta Gasteizko «aurrerapen teknologikoak» lehen lerrokoak zirela nabarmendu zituen.