GAUR8 - mila leiho zabalik

Hitzarmen berria sinatuko dute Lakuak eta EHUk Jokoaren Euskal Behatokiaren ikerketekin jarraitzeko

Hitzarmen berria sinatuko dute Lakuak eta EHUk Jokoaren Euskal Behatokiak arlo honen inguruko ikerketa proiektuekin jarrai dezan. Lakuaren ustez, ikerketa funtsezkoa da joko arduratsua sustatzeko politika publikoak lantzeko.

Jokoaren gaineko ikerketak burutzen ditu Behatokiak. (Iñigo URIZ | FOKU)

Jokoaren Euskal Behatokiaren ikerketa proiektuak garatzen jarraitzeko lankidetza hitzarmen berria izenpetuko dute Lakuako Gobernuak eta Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU), Jaurlaritzako gobernu kontseiluak astearte honetan hala onartu ondoren.

Aurreko hitzarmena 2020an sinatu ondoren, bi erakundeek izan duten lankidetzaren inguruko balorazio positiboaren emaitza da akordio berria. Segurtasun Sailak, beraz, urtean 100.000 euro bideratuko ditu 2027ra arte Jokoaren Euskal Behatokiak aldi horretarako aurreikusitako ekintzak gauzatzeko.

Exekutiboak jakinarazi duenez, Jokoaren Euskal Behatokiaren helburua da jokoaren inguruabarrak etengabe aztertzea, sektoreari buruzko ikuspuntu orokorra emanez, joko arduratsua sustatzen lagunduko duten politika publikoak lantzeko.

Aldian behin Segurtasun Saileko Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritzak gainbegiratuta, inkestak eta azterlan ekonomiko eta sozialak egiten dira hitzarmenaren barruan. Jokoaren Euskal Behatokiak lan hauek egin ditu 2020tik: ‘Jokoaren panoramika ekonomiko-enpresariala’ (2020), ‘Euskadiko jokalarien prebalentzia, ohiturak eta profilak’ (2020), ‘Gazteak eta jokoa Euskadin’ (2021), ‘Jokoaren inguruko gizarte-pertzepzioa eta balorazioa’ (2022) eta ‘Emakumeari eta jokoari buruzko panoramika’ (2022).

Gainera, beste jarduera batzuen artean, Jokoaren Euskal Behatokiak dibulgazioko urteko jardunaldia antolatzen jarraituko du egindako lanak aurkezteko, eta jokoaren EAEko egoerari buruzko hiru hilean behin informazio buletina ere argitaratzen jarraituko du.