GAUR8 - mila leiho zabalik

Idurre Eskisabel: «Akordio soziopolitiko berri bat lortzea izango da gure lan lerro nagusia»

Idurre Eskisabelek lehen urtea bete du Kontseiluko idazkari nagusi bezala. Urte betea izan da, baita interesgarria eta ederra ere. Lantaldea ere berritu da eta espero du ekarpen batzuk egin izana. Elkarrizketa osoa larunbatean, urte amaierako ale berezian, argitaratuko dugu.

This browser does not support the video element.


Euskararen aurkako oldarraldi judizialaren urtea izan da 2023a, nahiz eta gure hizkuntzaren kontrako oldarraldia aspaldikoa den Euskal Herri osoan. Horrek hizkuntz politikak egiteko tresnak murrizten ditu baina, Kontseiluko idazkari nagusiaren arabera, eragin txarrena da aitzinera begirakoak lantzen ari ordez iraganeko tresnatzat jotzen dituzten horien alde ari direla.

Andoaingo Martin Ugaldeko bulegora egin diogu bisita Idurre Eskisabeli. Bilera izan dute, eta amaitutakoan, eguraldi ona probestuz, kanpoko mahaietan jarri gara urte gogor bezain interesgarri hau errepasatzeko. Larunbatean argitaratuko dugun urte amaierako ale berezia osatzera dator elkarrizketa hau.

Izan ere, azaroaren 4an manifestazio handi bat egin zen Bilbon, “Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat” leloarekin. «Eskertzeko eta indartzeko momentu bat izan zen euskaldun eta euskaltzale guztiontzat eta, hortik harago, hizkuntza aniztasunean, errespetuan eta elkarbizitzan sinesten dugun guztiontzat», adierazi du Eskisabelek.

«Ardura handi bat ere eransten digu. Eskuekin ukitu ahal izan genuen, begiekin ikusi ahal izan genuen euskararen biziberritzearen aldeko adostasun sozial handi bat dagoela. Eta horrek materializazio politikoaren garaian jartzen gaitu», gaineratu du. Dudarik gabe, 2024an, akordio soziopolitiko berri bat lortzea izanen da Kontseiluaren lan lerro nagusia.