DEC. 29 2023 Gaur X urte Joxepa Antoni Aranberri ‘Xenpelar’, Errenteriako jostundegiko bertsolaria Gaur 80 urte hil zen Joxepa Antoni Aranberri ‘Xenpelar’ (1865eko urtarrilaren 7a - 1943ko abenduaren 29a) ehulea eta bertsolaria. Errenterian jaiota, bertako fabrikako lana eta bertsolaritza bateratu zituen. Joxepa Antoni Aranberri ‘Xenpelar’. (GAUR 8) GAUR 8 1943ko abenduaren 29an, gaur dela 80 urte, hil zen 78 urterekin Joxepa Antoni Aranberri Petriarenam, ‘Xenpelar’ goitizenez ezaguna den bertsolaria. Errenterian jaio zen 1865an. 4 urte zituela, bere ama Maria Luisa eta osaba Juan Frantzisko ‘Xenpelar’ hil ziren. Izan ere, azken bi hauek bertsolaritzan ere aritu ziren. Aita ez zen bertsozalea, eta garaiko errolden arabera, ez zekien irakurtzen ezta idazten. Bertsozaletasuna eta irakurzaletasuna amona Ritarengandik jasoko ote zituen pentsatzen da, Maria Luisa eta Juan Frantziskoren ama. 12 urterekin hasi zen lanean Errenteriako fabrika handian. Beste neskatxa askorekin batera, Joxepa Antonik fabrikako lana eta jostundegiko lana bateratzen zituen. «Ez da baserritarra, kaleko bertsolaria baizik; etxeko eta fabrikako langilea da. Garai hartako emakume batek zer kontatzen duen eta bere plaza non eta nola bilatzen duen ikusteko ere interesgarria da. Emakumeak ez ziren ibiliko garai hartako sagardotegietan, baina jostundegietan biltzen ziren», dio Joxepa Antoniren bizitza eta bertsogintza ikertu duen Elixabete Perez Gazteluk. Ezagutzen zaion lehen bertso sorta 1902koa da, Ibaizabal aldizkarian argitaratutako. Banaka jarritako bertsoak ugari omen zituen, eta Antonio Zavalak jasotako batzuk mantendu dira.