GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

1982ko gabon zaharrean egin zuen EITB telebistak bere lehen emisioa

Gaur 43 urte, 1982ko abenduaren 31n, EITB telebistak bere lehen emisioa egin zuen. Carlos Garaikoetxearen mezu batekin ekin zion komunikabide publiko honek bere ibilbideari.

EITBren ekitaldi instituzionala 40. urteurrena ospatzeko, 2022an. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Autonomi Estatutuaren 19. artikuluak emandako eskumenen bidez, EAEko Gobernuak 5/1982 legea onartu eta 1982. urteko maiatzaren 20an sortu zen ofizialki Euskal Telebista. Egitasmoa abian jartzea hainbat zailtasun izan zituen, izan ere, espainiar Gobernuak askotariko trabak jarri zituen proiektua aurrera atera ez zedin.

Oztopoak oztopo, Bizkaiko Foru Aldundiak Iurretan utzitako lurzoru batzuetan instalazioak eraikitzen hasi ziren, garaiko teknologia puntakoenarekin. Era berean, Donostian Irrati-Telebista eskola sortu zuten kazetari eta aurkezleak prestatzeko, eta Jaurlaritzaren Gasteizko soto batean, telekomunikazio formakuntza eskaintzen zen gerora emititu ahal izateko. Gainera, lehen teknikari taldeak Hanburgon egin zituen ikasketa batzuk 1982. urtean.

Lehen emisioa 1982. urteko gabon zahar gauean izan zen, Carlos Garaikoetxea lehendakariaren mezua. Oraindik Iurretako egoitza guztiz amaitu gabe zegoen eta langile guztiek Jaurlaritzaren izenean egiten zuten lan EITB artean erregistratu gabe zegoelako. Garai nahasiak ziren, trantsizioan erabat murgilduta, eta beldurra zegoen euskara normalizatzeko plana atzera botako ote zuen espainiar Estatuak.

1983ko otsailaren 16an hasi ziren emisio erregularrak. Lehen urteetan, emisio guztiak euskaraz zirela, nahiz eta eduki batzuk gaztelaniaz azpititulatuta zeuden.

1986. urtean ETB2 sortu zen, gaztelania hutsean, 2001ean ETBSAT eta Canal Vasco, diasporako euskal herritarrei zuzenduta, eta 2008an ETB3, haurrei zuzendutako euskara hutseko katea.

2020an Iñaki Agirregomoskortak ‘Así nació la televisión del País Vasco’ liburua argitaratu zuen. Bertan hobeto azaltzen du nola izan zen ETBren sorrera.