JAN. 17 2024 Gaur X urte 1980an Oreretan greba egin zuten eskuin muturreko taldeen emakume hilketa eta bortxaketen aurka Gaur dira 44 urte Oreretan Errenteriako Emakumeen Taldeak deituta greba egin zutela, eskuin-muturreko taldeak egiten ari ziren emakumeen hilketa eta bortxaketen aurka. Herriko hainbat eragileren babesa jaso zuten mobilizazioek, eta jazarpen gogorra poliziaren aldetik. Emakumeak joan ziren manifestazioaren buruan. (Maite Berradre Zabalza | ARCHIVO MEMORANDRA - ORERETAKO MEMORIA FEMINISTA (Foto Valentín)) GAUR8 1980ko urtarrilaren 17an greba egin zuten Oreretan, Errenteriako Emakume Taldeak deituta. Eskuin muturreko taldeak egiten ari ziren emakumeen hilketa eta bortxaketen aurka egin zuten protesta. Mobilizazioen buruan emakumeak joan ziren eta herriko hainbat eragileren babesa jaso zuten. Aldiz, poliziaren aldetik jazarpen latza pairatu zuten. Sexu eraso bolada 1979ko amaiera aldean hasi zen, Oreretan bertan izandako bi bortxaketarekin. Lehenik, Sorginzulo auzoan bikotearekin zegoen 16 urteko neska bat bortxatu zuten; ondoren, 14 urteko neska bat bahitu eta zelai batean bortxatu zuten. Udala zein gerora greba deituko zuen Errenteriako Emakumeen Taldea Gipuzkoako Gobernadorearekin batu ziren eta azaldu zioten, biktimen testigantzetan oinarrituta, susmoa zutela bortxatzaileak poliziak edo komando parapolizialak zirela. Urtarrilaren 4ean, 19 urteko neska bat bahitu zuten Irunen. Bortxatu egin zuten eta bertan utzi zuten ondoren, herriko depositu zaharrean. Hilaren 9an, Ana Tere Barrueta 19 urteko gaztea hil zuten, etxera bidean zela. Hain zuzen ere, Loiun, etxetik 100 metrora aurkitu zuten bere gorpua, ia biluzik. Torturatu, bortxatu eta jantzita zeraman gerrikoarekin ito zuten. Grupos Armados Españoles eskuin muturreko talde parapolizialak bere gain hartu zuen erasoa. Lau egun beranduago, bi gizon armatuk 18 urteko neska bat bahitu zuten Oreretan, eta bortxatu egin zuten Oiartzunen. Egun berean, bi gizonek 18 urteko beste neska bat bortxatu zuten Pasaian. Oreretako greba egunaren ondoren ere jarraitu zuten era horretako erasoek. Urtarrilaren 21ean, bi gizon armatuk 18 urteko neska bat bahitu zuten Galdakaon, eta bortxatu egin zuten Elexalden. Urtarrilaren 23an, bi gizon armatu bi adingabe bortxatzen saiatu ziren Irunen. Oreretako Udalaren eta Errenteriako Emakumeen Taldearen kezkak 1980ko apirilean baieztatu ziren Mundakan. Gizon batek Bermeoko bi gazte autoan hartu, Matxitxakora eraman eta haietako bat bortxatu zuen. Biktima salaketa jartzera zihoala, ibilgailua ezagutu zuen bere herriko Guardia Zibilaren kuartelean. Urte bereko maiatzaren 8an, Maria Jose Bravo hil zuten Donostian. Eskuin muturreko indar parapolizialek 16 urteko gaztea bortxatu eta kolpeka hil zuten, eta haren bikoteari ere sekulako jipoia eman zioten. Eraso hau Batallón Vasco Españolek hartu zuen bere gain. Errenteriako Emakumeen Taldeak egindako greba deialdia mugarria izan zen Oreretan. Hain zuzen ere, herriko mugimendu feministak gogora ekarri zuen ekintza, Memorandra ekimenarekin.