GAUR8 - mila leiho zabalik

‘II. Gazte Panela’, Bilboko Udalaren ekimena gazteentzako programazioa diseinatzeko

Hiriko gazteen interesak eta kezkak identifikatzeko, eta dituzten eskariei eta erronkei erantzuten dien programazioa diseinatzeko, II. Gazte Panela antolatu du Bilboko Udalak. Izena emateko epea zabaldu dute, eta parte hartzeagatik ordaina izango dutela aurreratu dute.

Irudian, gazteak Bilboko Aste Nagusian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Udalak II. Bilboko Gazte Panela jarri du abian, parte hartzerako espazio bat udal funtzionamendua eta ekintza ezagutzeko, gazteen interesak eta kezkak identifikatzeko, eta ‘Bilbao Hiri Gaztea 2022/25’ Tokiko Gazte Agendaren esparruan ekintza berriak antolatzeko.

Bigarren edizio honetan, 25 gaztek hartuko dute parte. Horien artean 2023ko edizioko 13 parte hartzaile daude eta beste 12ak, deialdi berrian parte harzteko eskaria egin dutenen artean hautatuko dituzte, adina, sexua, bizilekua, ikasketa maila, kultura jatorria edo lan egoera bezalako irizpideen arabera.

Parte hartzeko, izena emateko epea zabaldu dute ‘Bilbaogazte’ web orrian. Hala ere, Gazteria eta Kirol Sailak informazio saio bat antolatu du urtarrilaren 24an 18.00etan, La Perrera zentroan.

Gazte Panela 2024an parte hartuko duten gazteak lau lantaldetan sartuko dira, eta, haien interesen arabera, ‘Bilbao Hiri Gaztea 2022/25’ Tokiko Gazte Agendatik abian jarri ahal izango diren programak eta ekintzak garatuko dituzte. Urtean zehar, eta bost saiotan, lau taldeek beren proposamenak eta aurrerapenak partekatuko dituzte, taldearen ikuspegi desberdinak kontrastatuz.

Aurreko urteko edizioan, gazteriarekiko udal komunikazioa hobetzea, gazte ekimenak babestea edo gazteen emantzipazioa babesteko programazioa izan ziren planteatutako ekarpenetako batzuk.

Edizio berriko lan arloak

Bigarren edizioari dagokionez, honako lan arlo hauetan lan egitea proposatuko da: gizarte-iraunkortasuna (ekitatea, genero-berdintasuna, aniztasuna eta boluntariotza); ingurumen-iraunkortasuna (ekologia eta ekonomia zirkularra); gazte-programazioa (musika, kultura, kirola eta aisialdia); eta udal-komunikazioa (gazteen eta Bilboko Udalaren arteko elkarreragina hobetzea).

Programa osoa amaitzen duten parte-hartzaileek 500 euro arteko konpentsazio ekonomikoa jasoko dute, eta laguntza teknikoa eta 2.000 euro arteko poltsa izango dute ekimen eta proposamenak garatzeko.

Udal Gobernuko ordezkarien esanetan, «Udalaren apustua da Udalaren eta gazteriaren arteko harreman eredu berri bat» eraikitzea, «elkarren ezagutzan eta aitorpenean, hurbiltasunean eta elkarrizketan oinarrituta».