GAUR8 - mila leiho zabalik

‘Patrick’ animaziozko filma Hego Euskal Herriko zinema aretoetara helduko da bihar

Hegal bakarreko tximeleta baten abenturak Hego Euskal Herriko pantaila handietara helduko dira ostiral honetan, Zinema Euskaraz programari esker. Ekimen horren baitan estreinatuko den filma ere aurreratu dute: ‘Museoaren zaindariak’, otsailean.

Hego Euskal Herriko hainbat aretok ‘Patrick’ filma euskaraz ikusteko aukera eskainiko dute ostiralean. (Zineuskadi)

Sophie Royk zuzenduriko ‘Patrick’ animaziozko filmaren euskarazko bertsioa estreinatuko da Hego Euskal Herriko zenbait zinema aretotan ostiralean, urtarrilaren 26an, ‘Zinema Euskaraz’ programaren eskutik. Publiko orokorrari bideratutako film kanadarra euskarara bikoiztuta ikusi ahal izango da.

‘Zinema Euskaraz’ kudeatzen duen Zineuskadi elkarteak jakinarazi duenez, programaren barruan aurten estreinatuko den lehen filma da ‘Patrick’. Hegal bakarreko tximeleta baten bidaia kontatzen du istorioak, eta bide horretan, ustekabe ugariri aurre egin, txarren aurka borrokatu eta bere berezitasuna onartu beharko duen heroia aurkituko du ikusleak.

Euskal ikus-entzunezkoen sektoreari laguntzea da Lakuako Gobernuko Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bultzatutako programaren helburua, eta haur zein gazteei zuzendutako filmak bikoizteaz arduratzen da, zinemagintzan euskararen zabalkundea sustatzeko.

Golem Alhondiga (Bilbo), Getxo Zinemak (Getxo), Zugaza Zinema (Durango), Florida Zinemak (Gasteiz), Gorbeia Zinemak (Gasteiz), Niessen (Errenteria), SADE Cines Antiguo Berri (Donostia) eta Golem La Morea (Iruñea) zinema aretoetan ikusiko da filma ostiraletik.

‘Zinema Euskaraz' programaren baitan estreinatuko den hurrengo filma ‘Museoaren zaindariak’ izango da, otsailaren 23an.