JAN. 26 2024 Gaur X urte 1865ko urtarrilaren 26an jaio zen Sabin Arana politikaria Abandon, Bilbon Gaur 159 urte jaio zen Sabin Arana Goiri politikaria, 1865eko urtarrilaren 26an, orduan Abandoko elizatea zenean, gaur egun Bilboko Abando auzoan. Ideologo abertzalea, jeltzalea, idazlea eta euskalaria izan zen, baita EAJ alderdiaren sortzailea ere. 38 urterekin zendu zen gaixotasun batek jota. Sabin Aranaren estatua, Bilboko Albia lorategian. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU) GAUR8 159 urte beteko lituzke gaur Sabin Polikarpo Arana Goiri politikariak, 1865eko urtarrilaren 26an jaio zen eta. Gaur egungo Sabin Etxea dagoen sailean zegoen etxe batean jaio zen 1872an Bilbo hiriko auzo bilakatu zen Abando udalerrian. Gurasoak Santiago Arana Antsotegi ontzigilea eta Paskuala Goiri Atxa izan zituen. Karlismoaren aldeko familiakoa izanik, Baionara alde egin behar izan zuen familiak Bigarren Karlistaldian, Aranak hamaika urte inguru zituen arte. Baionan zegoela, hain zuzen, izan zen euskal nazioaren kontzientzia hartzen hasi zen garaia, hamar urterekin. Abandora itzulita, Urduñako jesulagunen ikastetxera bidali zuten. Han eman zituen bost urteetan gero sortu zuen alderdiaren kideak ezagutu zituen. 16 urterekin, Abandoko etxean tisiak jota gaixo zegoela, anaia Luisekin bere ideia abertzaleetan sakondu zuen. 17 eta 23 urte bitartean Euskal Herriko historian sakondu eta euskara ikasi zuen. 1883an, aita eta Joan anaia zaharrena hil ondoren, familia Bartzelonara bizitzera joan zen. Han Sabinek zuzenbidea ikasten zuen bitartean Euskal Herriko historia aztertzen hasi zen. Garai hartan argitaratu zituen bere lehenengo idazlanak. 1894an ‘Euzkeldun Batzokija’ elkartea sortu zuen, lau urte geroago Bilbotik probintzia diputatu hautatu zuten. Euskararen ortografiaren batasunerako oinarriak jartzen lan egin zuen, Luis anaiarekin ikurriña sortu zuen 1894an eta Eusko Alderdi Jeltzalearen sortzaile izan zen, 1895ean.