JAN. 27 2024 Gaur X urte 78 urteko Martina Maritorenak Iruñeako Gazteluko plazan kanpaldia abiatu zuen duela 40 urte 1984ko urtarrilaren 27an, gaur 40 urte, 78 urte zituen Martina Maritorena iruindarrak bere jaioterriko Gazteluko plazan kanpaldia abiatu zuen, etxetik bota zuten eta. Zazpi egun eman zituen bertan, otsailaren 2ra arte, eta udaltzainek «indarkeriaz» bota zutela deitoratu zuen. Iruñeako Gazteluko plaza. (Iñigo URIZ | FOKU) GAUR8 Duela 40 urte, 1984ko urtarrilaren 27an, etxegabetu zuten Martina Maritorena iruindarra, eta 44 urtez bere etxea izan zena utzi behar izan zuen. Gazteluko plazan kanpaldia abiatzea erabaki zuen orduan 78 urteko emakumeak. Familiaren eta bizilagunen laguntzarekin, etxeko gauza guztiekin instalatu zen Iruñeako plaza horretan jarritako kanpin-denda batean. Ekintzaren helburua administrazioei bere pentsioarekin -15.070 pezeta hilean- egokitzen zen alokairua eskatzea izan zen. Handik zazpi egunetara, otsailaren 2an, udaltzainek denda desmuntatu zioten arte, bertan eman zituen egunak. ‘El Pais’ egunkariko orduko albiste batek jaso zuenez, urtarrilaren 29an bazkari herrikoi bat antolatu zuen eta «ehunka» pertsona bildu zituen. Plazatik bota zuten unea «bortitza eta delituzkoa» izan zela esan zuen Maritorenak, aurretik aipatutako hedabideak jaso zuenez. Bertan azaltzen denez, 18 udaltzainek ostegun gaueko 23.45ak aldera desmuntatu zuten denda, segurtasun-arrazoiak argudiatuta. Senideek abokatuari eta seme baten etxean zegoen Martinari gertatzen ari zenaren berri emateko hamar minutu eskatu zituzten. Telefonoz ari zirenean, udaltzainek tresna eta gauza guztiak ateratzen eta denda kentzen hasi ziren. Emakumearen egoeraren inguruko kartelak ere kendu zituzten. Hurrengo egunean, Martina Maritorenak honakoa salatu zuen: «Udaltzaingoak ez zuen agindurik erakutsi, ezustean eta gauez jardun zuen eta nire ondasunekin indarkeriaz aritu ziren». Gainera, plazan egon zen bitartean inoren ondasunei eraso egin ez ziela nabarmendu zuen.