GAUR8 - mila leiho zabalik

Emakumeentzako aholkularitza juridikoko zerbitzua jarriko dute abian Bermeon

Otsailean jarriko da abian Bermeon emakumeentzako aholkularitza juridikoko zerbitzua. Clara Campoamor elkarteak kudeatuko du zuzeneko arreta zerbitzuan, eraso kasuetarako zein familia arazoetarako, azaldu du Udalak.

Emakumeentzako aholkularitza juridikoko zerbitzua otsailean egongo da abian. (Luis JAUREGIALTZO | FOKU)

Bermeoko Udaleko Berdintasun Sailak emakumeei zuzendutako aholkularitza juridikoko zerbitzua eskainiko du otsailaren 6tik urtea amaitu bitarte, ekimenera 14.998 euro bideratuz. Gaian aditua den Clara Campoamor elkarteak eskainiko du zerbitzua, Ana Sanchez teknikariaren bitartez.

Aholkularitza juridikoa erasoren bat jaso duten emakumeek eskatu ahal izango dute, eta familia kontuei buruz aritzeko ere erabiltzeko aukera izango da. Zerbitzua asteartero eskainiko da, 09.30etik 13.30era, Gizarte Ongizate Sailean. Hitzordu bakoitza 30 eta 45 minutu bitartekoa izango da, eta euskaraz zein gazteleraz eskatu ahalko da.

Posta elektronikoz eta telefonoz

Zerbitzua erabili nahi dutenek aldez aurretik eskatu beharko dute hitzordua berdintasuna@bermeo.eus helbide elektronikora mezua bidalita, 946 179 160 telefono zenbakira deituta edo Gizarte Ongizate Sailera bertaratuta. Hitzordua eskatzeko aukera zabalik dago jada.

Berdintasun Saileko zinegotzi Arantza Ormaza Tarantinok adierazi du Bermeoko Udalean «gabezia bat» ikusi dutela arlo horretan, eta gaineratu du «beharrezko» ikusten dutela mota horretako zerbitzua.

«Bermeoko Udalak dituen baliabideekin ezinezkoa zen aholkularitza juridikoaren zerbitzua ematea, horregatik erabaki dugu Clara Campoamor elkartearekin egitea. Ez da herri guztietan dagoen zerbitzu bat, baina eskertzekoa da herrian horrelako zerbitzu bat eduki ahal izatea», nabarmendu du udal ordezkariak.