JAN. 31 2024 Gaur X urte Ahed Tamimi ekintzaile palestinarrak 23 urte bete ditu Ahed Tamimi Palestinako borrokaren ikur bilakatu zen haurra zela amaren atxiloketa eragozten saiatu zenean. Geroago, 16 urterekin, mobilizazio baten aurka jo zuten soldatu israeldarrei egin zien aurre. Bere argazki eta bideoak biral egin ziren. Joan den azaroan atxilotu zuen armada sionistak azkenengoz, eta handik bi astera aske utzi zuen. Ahed Tamimi ekintzailea, 2019an Londresen egindako manifestazio batean. (Andres PANTOJA | SOPA IMAGES/Z-DPA-EUROPA PRESS) GAUR8 Bertze familia palestinar ugarik bezala, Ahed Tamimik eta bere guraso eta anai-arrebek ez dute indarkeriarik eta kontrolik gabeko bizirik ezagutu. Gaurko egunez jaio zen 11 urterekin bere herriaren borrokaren sinbolo bilakatu zen emakumea, Nabi Salih herri txikian, Zisjordaniako Ramallahtik hurbil. 2012an, amaren atxiloketa eragozten saiatu zen eta soldaduei aurre egin zien bere herrian. 2015erako, bere irudia biral bihurtu zen eta nazioarteko hedabideak familiaren etxera joan ziren elkarrizketatzeko asmoz. 14 urte zituelarik, NBC News-i adierazi zion egin zuen gauza bakarra anaiari laguntzea izan zela. Aheden hitzetan beste ume palestinarrek ere berak bezainbeste eta gehiago egiten dute, baina, bere kasuan ez bezala, ez ditu inork grabatu. Palestinarrek euren burua askatu behar dutela azaldu zuen eta okupaziorik ez balitz, bere adineko gazteen bizimodua egin nahi izango zuela: lagunekin atera, itsasora joan, futbol partidak ikusi...2017an, 16 urterekin, armada israeldarrak atxilotu egin zuen protesta bat jazartzen ari ziren soldaduei masaileko bat emateagatik. Urte berean Europako Parlamentura joan zen, Palestinako herri erresistentzian emakumeek duten paperari buruzko hitzaldi batean parte hartzera. 2023ko azaroaren 6an berriro hartu zuten gatibu Nabi Salihko bere etxean, ‘terrorismoaren apologia’ egitea egotzita. Aurreko astean bere aita ere eraman zuten, eta bizilekua suntsitu zieten. Ahed Tamimi azaroaren 29an askatu zuten, su-eten labur baten barnean.