GAUR8 - mila leiho zabalik

Antartikan lehen aldiz elektrizitatea modu jarraituan ekoiztea lortu dute NUPeko ikertzaileek

Bero geotermikotik abiatuta Antartikan elektrizitatea modu jarraituan ekoiztea lortu du NUPeko espedizio batek. Nabarmendu dutenez, aurkikuntza aurrerapen bat da fenomeno geologiko eta bolkanikoen denbora errealeko monitorizaziorako.

NUPeko ikertzaileak Antartikan. (Nfarroako Unibertsitate Publikoa)

Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) ikertzaileek, Smart Cities Institutukoek (ISC), Antartikan energia elektrikoa sortzea lortu dute, «lehen aldiz mundu mailan, etengabe, etenik gabe, lurraren barnealdeko bero naturaletik abiatuta (bero geotermikoa), zeina sumendien fumarolen bidez askatzen baita», azaldu du Unibertsitateak ohar batean.

David Astrain Ulibarrena katedraduna buru duen Ingeniaritza Termiko eta Fluidoen taldeak teknologia berri bat asmatu eta garatu du, fenomeno geologiko eta bolkanikoen denbora errealeko monitorizazioan aurrerapen bat dena.

NUPeko espedizio batek bertatik bertara esperimentatu du teknologia Antartikako sumendi aktiboetako bat den Etsipen Uhartean. Kanpaina horrek urtero uda australa baliatzen du proiektu zientifikoak garatzeko.

NUPek, bere historian lehen aldiz kanpaina polar antartiko batean parte hartzen du, ‘Sumendien zaintzarako sorgailu termoelektriko autonomoak’ (VIVOTEG) proiektuari esker. Ikertzaile nagusiak David Astrain Ulibarrena katedraduna eta Alvaro Martinez Echeverri irakaslea dira.

NUPeko ikerketa-taldeak Seebeck efektuko modulu termoelektrikoak erabili ditu, bero geotermikoa energia elektriko bihurtzen duten gailuak. Modulu horiek funtziona dezaten, alde bat beroa eta bestea hotza izan behar dute.

Estatuko Ikerketa Agentziak finantzatutako proiektua da (Ezagutza Sortzeko deialdian), eta Estatu espainoleko Batzorde Polarrak koordinatzen du, Armadaren laguntza logistikoarekin. David Astrainek, Miguel Araiz Vegak eta Leyre Catalan Rosek osatutako NUPeko espedizioa Etsipen Uhartean hirian ari da lanean, Gabriel de Castilla base militar espainiarra dagoen lekuan.