FEB. 26 2024 Gaur X urte Daniela Albizu Berasategi hil zela bederatzi urte bete dira Euskaltzale, idazle eta irakasle maitatua, Urruñako lehen hautetsi abertzalea izan zen eta lan ugari plazaratu zituen artikulugintzan, kulturgintzan nahiz itzulpengintzan. Daniela Albizuk 1995ean Urruñako herriko etxean jasotako omenaldia. (ZUZEU) GAUR8 Daniela Albizu Berasategi idazlea 2015eko otsailaren 26an hil zen, gaur bederatzi urte. Urruñan sortu zen 1936ko maiatzaren 23an eta herriko lehen hautetsi abertzalea izan zen, Herritarrak mugimendua ordezkatuz. Leon Albizu Perez de San Roman arabarra zuen aita, Ilarduia herrikoa, eta Nizeta Berasategi Mintegi gipuzkoarra ama, Urtsuaran herrixkakoa. Gazte belaunaldi askori erakutsi zien euskara Daniela Albizuk. Idatzitako liburu sorta bat ere utzi du Iturrialdeko apaletan. «Ametsa» izan zen idatzi zuen azken olerkia, "Hatsaren Poesia" bilduman 2011n argitaratutakoa. Lau liburu kaleratu zituen: ‘Hiru uhainak, ipuin zahar baten moldapena’ (Elkar, 1979); ‘Lau sasoi, lau ipui’ ipuin bilduma (Maiatz, 2003), ‘Ilargi eta hontz sorginen ipuinak’ bilduma (Pyremonde, 2006); eta ‘Iturri-aldeko nere leihotik’ idazlanen bilduma (Maiatz, 2011). Donibane Lohizuneko Ravel ikastetxean eta Hendaiako Irandatz izenekoan ibilbide luzea egin zuen irakasle lanetan, eta bizitza guztia eman zuen euskararen eta euskal kulturaren alde. Ikas elkartean euskararen irakaskuntza eta pedagogia bultzatu zuen eta bertako lehendakaria ere izan zen. Artikulugintzan, kulturgintzan eta itzulpengintzan lan ugari plazaratu zituen, eta Lapurdiko Gure Irratian ere irratsaio asko egin zituen. Hasiera-hasieratik euskara baturanzko bidea jorratu zuen. Hori dela eta, euskal aditz batuaren aldeko apustua egin zuen. Lexikoa eta esamoldeak, berriz, lapurteratik hartzen zituen. Elkarrin ibilia zen bakegintzan lagundu nahian eta iheslari bat aterpetzeagatik atxilotua ere izan zen; bi hilabetez egon zen preso Fleuryko espetxean. 2011n omenaldia egin zioten Urruñan, bere ibilbidea aitortzeko.