MAR. 08 2024 Gaur X urte M8aren oinarrira, 113 urte atzera: New Yorkeko ehungileak eta Clara Zetkin 1911ko martxoaren 8an, gaur 113 urte, lehen aldiz Emakumearen Nazioarteko Eguna aldarrikatu zen Europako zenbait herrialdetan, hala nola Alemanian, Austrian, Danimarkan eta Suitzan. Emakume Langileen Nazioarteko Eguneko kartel alemaniarra. (WIKIMEDIA) GAUR8 1857ko martxoan, Industria Iraultzaren testuinguruan, New Yorkeko ehun-fabrika bateko emakumezko langileak kalera atera ziren lan baldintza gogorrengatik protesta egitera. Langile askoren lan-baldintzak gogorrak ziren, baina emakumeek sufritzen zuten prekarietate gordinena; haien soldatak gizonenen erdira ez ziren iristen. Protestak langileen aurka poliziak egindako esku-hartze bortitzarekin amaitu ziren, baina manifestazio hark gaurko martxoaren 8ko mobilizazio egun masiboaren lehen aurrekaria ezarri zuen, eragin handia izan baitzuen. 1907an, Emakume Sozialisten Nazioarteko lehen Biltzarra egin zen Stuttgarten (Alemania), Clara Zetkin buru zela, eta bertan sortu zen Emakumeen Nazioarteko Sozialista. Lehen helburuetako bat emakumeen sufragioa zen. 1908an ehungintzako langileek New Yorken egin zuten grebari babesa emateko —greba hori, 1857koarekin batera, historiara pasatuko zen—, 1909an Emakume Sozialisten erakunde batek Emakumearen Nazioarteko Eguna ospatu zuen Estatu Batuetan. New Yorken egindako protesta batean 15.000 bat emakumek parte hartu zutela kalkulatzen da. 1910ean, Emakumeen Nazioarteko Topaketa Sozialista egin zen Kopenhagen (Danimarka). Oraingoan, egun sinboliko bat ezartzea proposatu zen, emakume guztien eskubideak aldarrikatzeko, botoa emateko eskubidea lehentasun gisa ezarrita. Hurrengo urtean, 1911ko martxoaren 8an, lehen aldiz Emakumearen Nazioarteko Eguna aldarrikatu zen Europako zenbait herrialdetan, hala nola Alemanian, Austrian, Danimarkan eta Suitzan. Hurrengo hamarkadetan beste herrialde batzuetako emakumeen erakunde askok bat egin zuten martxoan egiten ziren aldarrikapenekin. 1975ean, azkenean, NBEk martxoaren 8a Emakume Langileen Nazioarteko Egun gisa izendatu zuen ofizialki.