GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Gaurko egunez aurkitu zuten Asturiasen Kandido Saseta gudariaren gorpua

Gaur dira 16 urte Kandido Saseta kapitainaren gorpua aurkitu zutela, Asturiasen. Saseta militar profesionala zen eta eusko gudaria, 36ko altxamenduaren ostean errepublikarekin lerratu zen bakarretarikoa.

Bakearen eta Berradiskidetzearen Aldeko IV. Gernika Saria eman zioten 2008ko apirilaren 26an, Gernikan bertan. (Wikimedia Commons)

2008ko martxoaren 14an aurkitu zituzten Kandido Saseta eusko gudariaren gorpuzkinak Asturiasen. 1937tik zeraman desagertuta, otsailaren 23an hil zenetik eta aurkikuntzaren ostean Hondarribia jaioterrian omenaldia egin zioten.

Saseta eusko gudaria izan zen. Intendentzia kapitaina zen, militar profesionala, eta 36ko gerra hasi zenean, EAJren aginduetara jarri zen. Militar prestaketa zeukan abertzale bakarrenetakoa izan zen. Hondarribian jaio zen 1904ko abenduaren 13an eta 1937ko otsailaren 23an hil zen Arecesen, Asturiasen, 32 urte zituela.

1920ko irailaren 9an, Avilako ‘Academia de Intendencia’ delakoan sartu zen. Ikasketak bukatu ondoren, Ceutara bidali zuten Taguesuteko biltegira. Rifeko gerran parte hartu zuen, 1924an teniente izendatu zuten eta 1926ko Xauengo operazioetan goraipatu zuten. Geroago, Burgosera eta Tenerifera bidali zuten, eta, 1935ean, kapitain izendatu zuten. 1936an, Gasteizen zegoela, altxamendu frankista egin zuten zenbait militarrek. Saseta, garai hartan Gasteizko intendentziako kapitaina zen.

Frankisten oldarraldiak Donostian harrapatu zuen. Inolako zalantzarik gabe, Jose Antonio Agirre lehendakariaren eta Eusko Jaurlaritzaren esanetara jarri zen. Izan ere, behar-beharrezkoa zuten Saseta. Errepublikaren aldera irmo lerratu zirenak gutxi baitziren, are gutxiago, euskal agintarien mende jardungo zuten militarrak.

Tiroz hil zuten Saseta komandantea Arecesen eta beraren zein berarekin batera hildako 80 gudarien gorpuak ezin izan zituzten senideek berreskuratu. 1937tik desagertuta egon ostean, 2008ko martxoaren 14an bere gorpuzkina aurkitu zuten Arecesen bertan.

Bakearen eta Berradiskidetzearen Aldeko IV. Gernika Saria eman zioten 2008ko apirilaren 26an. Egun berean Hondarribiko Udalak omenaldia eskeini zion, eta bere gorpuzkinei lurra eman zieten Hondarribiko hilerrian.