GAUR8 - mila leiho zabalik

Emakume gorrek hazkunde pertsonal hobea dute, tesi baten arabera

Pertsona gorren ongizate psikosoziala aztertu duen doktore tesi batek agerian utzi du emakumeek hazkunde pertsonal hobea dutela gizonek baino. Amaia Jauregi Orbe irakasleak aurkeztutako tesiak  beste ikerketa bide batzuk utzi du zabalik pertsona gorren errealitatean sakontzeko.

Amaia Jauregi Orbe pedagogo eta EHUko irakaslea da doktorego tesiaren egilea. (Mitxi | EHU)

Pertsona gorren artean, emakumeek hazkunde pertsonalaren maila altuagoak dituzte gizonek baino, EHUn aurkeztutako doktorego tesi baten arabera.

Amaia Jauregi Orbe pedagogo eta unibertsitateko irakasleak pertsona gorren ongizate psikosoziala aztertu du bere tesian, eta ondorioztatu du plano horretan adina edo hezkuntza-testuingurua erabakigarriak direla.

Gorren ezaugarri pertsonalek, audiologikoek, linguistiko-kulturalek, familiakoek, hezkuntzakoek eta lanekoek nola eragiten duten aztertzen du lanak, eta gai hori «oso gutxi aztertu da».

Tesiaren emaitzak sexu, adin, gorreria mota eta hizkuntza eta kultura ezaugarri desberdinetako 166 pertsona gorren erantzunak aztertu ondoren lortu dira.

Ikerketak agerian utzi duen ebidentzietako bat da emakumeek hazkunde pertsonalari dagokionez maila altuagoak dituztela gizonek baino, eta datu horrek ikertzailea bera «harritu» du, hasierako hipotesiak kontrakoa planteatzen baitzuen.

Jauregiren ustez, horren arrazoia izan daiteke «gorren komunitatearen elkarte-sareak ahalduntzeko tresnak eskaintzen dizkiela emakumeei, beren gaitasunak eta autonomia indartzeko».

Adina

Azterlanak adinari lotutako alde esanguratsuak ere identifikatu ditu; izan ere, 30 urtetik beherakoek autoestimu handiagoa, hautemandako gizarte babes handiagoa eta hazkunde pertsonal handiagoa dute adin altuagoko pertsonek baino.

«Orain, atzean ezkutatzen diren arrazoiak zeintzuk diren ikertu beharko litzateke. Nire ustez, hezkuntza inklusiboa jaso izana izan daiteke aldagai garrantzitsuenetako bat», azaldu du ikertzaileak.

Hipotesi horri dagokionez, tesiaren emaitzek adierazten dute ikastetxe arruntetan eskolatutako pertsona gorrek (ahozko hizkuntza eskuratu aurretik entzumena galdu zutenek) autoestimu handiagoa dutela zentro berezietan eskolatutakoek baino.

Hezkuntza testuinguruari dagokionez, unibertsitate ikasketak dituztenen taldeak lehen mailako edo beheragoko mailako ikasketak dituztenen taldeak baino autoestimu maila, hazkunde pertsonal maila eta gizarte ongizate maila handiagoak ditu.

Tesiaren ondorioen arabera, beste faktore batzuek, hala nola hizkuntza eta kultura faktoreek edo lan faktoreek, ez dirudi harreman zuzenik dutenik pertsona gorren ongizate psikosozialean.