APR. 03 2024 Gaur X urte Gaurko egunez argitaratu zituzten ‘Panamako paperak’, 2016an Panamako paperak Mossack Fonseca & Co abokatu bufetearen 11,5 milioi barne agiri konfidentzial dira. Horietan, 1970eko hamarkadatik 2016ra munduko eliteko kideek euren herrialdeetako zerga-ordainketak saihestu zituztela egiaztatzen da. Estatuburuak, politikariak, enpresariak, kirolariak, erakundeak eta elkarteak daude tartean. Batzuk Euskal Herriarekin lotuak. Jürgen Mossack, Mossack Fonseca abokatu bulegoaren sortzaileetakoa Ramon Fonseca Morarekin batera. (CC BY-SA 4.0) GAUR8 2016ko apirilaren 3an plazaratu zituzten kazetaritza ikerketaren lehenengo emaitzak. 109 hedabidek aldi berean eman zuten Panamako paperen berri, 76 herrialdetan. Nazioarteko Ikerketa Kazetarien Partzuergoak (ICIJ, ingelesez) datu base osoa argitaratu zuen. Bertan agertzen diren pertsona eta erakundeek Mossack Fonseca & Co bufetearekin harremanetan jarri eta bere abokatuak kontratatzen zituzten, haien bidez offshore konpainiak sortu eta ezartzeko, jabeen nortasuna ezkutatu eta zerga-ordainketak saihesteko helburuarekin. Ehunka izen-abizen agertzen dira zerrendan. Horien artean gure herriarekin lotutako dozena bat enpresa aurkitu zituen GARAk: bostek Bizkaiarekin dute harremana, hiruk Gipuzkoarekin eta batek Nafarroarekin. Partzuergoak ‘Süddeutsche Zeitung’ egunkari alemaniarrarekin batera egindako ikerketa lana «ezkutuko konpainien inguruan egin den historiako argitaratze handiena» da, ICIJren arabera. Munduko hamabi estatuburu eta estatuburu ohi daude inplikatuak: Argentinako Mauricio Macri, Ukrainako Volodimir Zelenski eta Petro Poroxenko eta Pakistango Nawaz Sharif, besteak beste. 500dik gora banketxe eta filial, eta kirol eta kultura munduko pertsonak ere azaltzen dira Panamako paperetan.