GAUR8 - mila leiho zabalik

550 ikasle, NUPen doktoregoa egiten ari dira ikasturte honetan

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) jakinarazi duenez, 550 ikasle ari dira doktoretza egiten ikasturte honetan, eta horietatik 132 nazioarteko ikasleak dira, Kuba, Kolonbia, Txile eta Perukoak nagusiki.

Irudian, ikasturte honetako doktoregaiak Nafarroako Doktoreko Eskolak (NADOE) harrera egiteko antolatutako jardunaldian. (Nafarroako Unibertsitate Publikoa)

Guztira 550 ikasle (%56 gizonak eta %44 emakumeak), horietatik 132 nazioartekoak (%24), doktoretza egiten ari dira 2023-24 ikasturtean Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP).

Ikasle gehien dituzten herrialdeak Kuba, Kolonbia, Txile eta Peru dira, NUPek ohar batean jakinarazi duenez.

Titulazio honetan hasten direnak hartzeko asmoz, Nafarroako Doktorego Eskolak (NADOE) ongietorri jardunaldi bat antolatu zuen berriki, ikasketa horiei eta unibertsitate zerbitzuei buruzko informazioa eskaintzeko.

2019tik 2023ra NUPen irakurritako 250 tesietatik %50k nazioarteko aipamena izan zuten. Aipamen hori lortzeko, zenbait baldintza bete behar dira, besteak beste: Estatu espainoletik kanpo gutxienez hiru hilabeteko egonaldia egin izana, tesiaren laburpena eta ondorioak, gutxienez, Estatuko hizkuntza ofizialez bestelako hizkuntza komunitario batean egotea eta, gutxienez, estatukoa ez den zentro bati lotutako ikertzaile bat lana ebaluatzeko epaimahaiko kide izatea.

Industria-doktoregoko aipameneko 41

Gainera, ikasturte honetan unibertsitatean egiten diren tesietatik 41 industria-doktoregoko aipamenari dagozkio (40 Nafarroako Gobernuaren laguntzekin eta finantzaketa publikorik gabeko bat).

Orain arte 13 tesi irakurri dira, eta aipamen hori lortu dute, besteak beste, Pentabiol, Urzante, NewMusicNow, CSIC, NavarraBiomed edo CENER enpresen eta ikerketa-zentroen esparruan egindakoak. Horien artean daude, halaber, NUPeko ‘spin-off’-ak, hala nola Bioinsectis.

Industria-doktoregoaren modalitatean, ikertzaileek enpresa edo erakunde batean garatzen dute beren tesia, bertan gutxienez urtebete egon behar dute kontratatuta, eta horrek hasieratik laneratzen lagun diezaieke.