GAUR8 - mila leiho zabalik
Gaur X urte

Atxilotze aginduak hautsi eta Aske Gunea jarri zuten martxan 2013an

Aske Gunea sortu zuten duela 11 urte Donostian. Segiko zortzi gazteri sei urteko espetxe zigorra egotzi zioten gazte antolakundeko kide izateagatik. Beste behin, euskal gazteriak jakin zuen irudimenez eta determinazioz erantzuten.

Donostian Aske Gunea eraiki zuten. (Jon Urbe | FOKU)

Belaunaldi oso baten erreferentzia bihurtuko zen ekimena jarri zuten abian 2013ko apirilaren 9an: Aske Gunea. Espainiako epaitegiek bidali zizkieten atxilotze aginduak publikoki hautsi eta Askegunea abian jarri zuten Donostian.

Estatu espainiarreko Auzitegi Gorenak Donostiako zortzi gazte Segiko kide izatea egotzita seina urteko kartzela zigorrera kondenatuak zituen, eta hori ekiditeko «herri harresia» sortu zuten gazteek, desobedientzia ekimen erraldoia. Imanol Vicente, Nahikari Otaegi, Ekaitz Ezkerra, Aitor Olaizola, Adur Fernandez, Oier Lorente, Mikel Arretxe eta Egoi Alberdi 24 orduz izan ziren babestuak.

Hamar egunez Donostiako Boulebarra gazte uholde laranja bihurtu zen, goizean goiz etxetik kioskorako bidean laguntzen zioten auziperatuta zeuden gazteei, eta berriro etxera buelta egiten. Goizeko bederatzietatik gaueko bederatziak bitarte egon zen irekita Aske Gunea, eta egunero egitarau eta ekimen ezberdinak egiten zituzten bertan gazteek.

Aske Gunea «herri harresia» bilakatu zen atxiloketen unean, eta gazteen artean harresi bat osatuz auzipetuen atxikitzea zaildu zuten. Ekimen osoan zehar Euskal Herri osoko herritarren babesa jaso zuten, eta mobilizazio erraldoiak ere egin ziren. Halabaina, Ertzaintzaren jarrera oldarkorra berriro ere lerroburuetan egon zen, halabeharrez.