GAUR8 - mila leiho zabalik

Energia aurrezteko sentsibilizazio kanpaina jarri dute abian Aiaraldean

Energia aurrezteko sentsibilizazio kanpaina burutzen ari da Kuadrilla Aiaraldean. Eskola mailan, 11 ikastetxe 2030 Agendan lantzen ari dira gaia, eta itzalaldia iragarri dute hilaren 22rako, eta manifestu komun bat irakurriko dute bertan.

Energia aurrezteko kanpinaren barruan, itzalaldia deitu dute 22rako. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Aiarako kuadrillak energia aurrezteko sentsibilizazio kanpaina jarri du abian eskualdean, eskoletako 2030 Agenda proiektuarekin bat eginez. Garapen jasangarrien lanketa egiten duen eskola ekimenak 7. puntuan aipatzen du «energia irisgarria eta ez-kutsatzailea», gogoratu dute arduardunek.

Horrekin lotuta, «energia aurrezteko aholku batzuk» kontuan hartuta, ikastetxe bakoitzak aholku bat aukeratu» eta landu duela azaldu du Kuadrillak. Zehaztu duenez, «aholkua praktikan jartzeaz gainera, kartelak ere diseinatu dituzte».

Emandako datuen arabera, 11 ikastetxe ari dira aktiboki parte hartzen, Kuadrilaren laguntza ekonomikoarekin. Aste honetan zehar, hilaren 22ra arte, irratiko lehiaketa bat burutzen ari da eskualdean, parte hartzaileen artean zero kilometroko produktuen bi saski zozketatuko dituena, eta datorren 22an, Lurraren Munduko Egunarekin batera, lehen itzalaldia egingo da Aiaraldean.

21.00etan, 15 minutuz

Laudioko Herriko Plaza, Amurrioko Juan de Urrutia Plaza eta Luiaondoko gizarte etxea dira zehaztutako hiru puntu nagusiak, baina ekimena jarraituz, herritarrak etxetik ere itzalaldira batu daitezkeela azaldu du Aiarako Kuadrillak.

Ikastetxeek familiak parte hartzera deituko dituzte, aipatutako hiru kokapen horietan manifestu komun bat irakurriko baita, eta eskolan egindako kartelak eta txalekoak erakutsiko dituzte.