APR. 18 2024 Gaur X urte Itzulera iragarri osteko Zaramaren lehen kontzertuak, duela 15 urte 2009ko apirilaren 18an, gaur 15 urte, Zarama taldeak bere itzulerako lehen kontzertua eman zuen Bermeoko Kafe Antzokian. Abuztuan Bilboko Aste Nagusian emandakoa iritsi zen, grabatu eta ‘Zarama zuzen!’ disko eta DVDan argitaratu zutena. Zaramak 2009an grabatu eta argitaratutako ‘Zuzen!’ diskoaren aurkezpena. (Monika DEL VALLE | FOKU) GAUR8 Roberto Moso abeslariak 2009ko otsailean Zaramaren itzulera iragarri zuen, eta apirilaren 18an, gaur dela 15 urte, lehen kontzertua eman zuen Bermeoko Kafe Antzokian. Taldearen bigarren aro honetan Tontxu Tabares (gitarra), Joseba Lafuente (teklatua), Roberto Moso (ahotsa), Javi Alvarez (baxua) eta Ernesto Alabak (bateria) osatu zuten taldea. Itzulera horren kontzerturik esanguratsuenetarikoa abuztuaren 18an Bilboko Aste Nagusian emandakoa izan zen, grabatu eta ‘Zarama zuzen!’ disko eta DVDan argitaratu baitzuten. «Funtsezko gauzetan zentratuta geunden, musikaz eta kantuez modu argi eta zuzenean gozatu nahi genuen, ahalik eta modurik adimentsuenean. Pixka bat zaharragoak ginen arren, lehen aldiko intentsitate berarekin bizi izan genuen. Musikaren plazera bere egoerarik puruenean berraurkitzea bezala izan zen. Ia lehen egunetan bezain ona izan zen, maitasunez gogoratzen dugu itzulera hori», esan zuen Mosok NAIZ eta GARAri duela bi hilabete eskainitako elkarrizketa batean. 1970ko hamarkadaren amaieran Nerbioi ibarraren ezkerraldean sortu zen, hasieran hiru partaide zirelarik: Rober (Roberto Moso, ahotsa), Txus (gitarra) eta Ernesto Alava (bateria). Geroago, Javi Alvarez (baxua) batu zitzaien. ‘Indarrez’ (Discos Suicidas, 1984) izan zen taldearen iraupen luzeko lehen diskoa. Euskal rock talde hau 1994ra arte egon zen jardunean.