APR. 24 2024 ‘Guraso eskola’ programaren edizio berri bat abiarazi dute Uribe Kostan Uribe Kostan ‘Guraso eskola’ programaren edizio berri bat abiaraziko dute maiatzean. Hezkuntza mailaren arabera antolatuta, familiei zuzendutako tailer ezberdinak prestatu dituzte. Egitaraua webgunean dago eskuragarri eta izen-emate epea maiatzaren 2ra arte dago zabalik. ‘Guraso eskola’ programako tailerrak adin ezberdinetako seme-alabak dituzten familiei zuzenduta daude, HHtik DBHra. (Jagoba MANTEROLA | FOKU) GAUR8 Prentsa ohar bidez Barrikako Udalak jakinarazi du bat egin duela Uribe Kosta Zerbitzu Mankomunitateko Gizarte Hezkuntza Artekaritzak (GHAZ) eta Adikzioen Prebentzio eta Osasuna Sustatzeko Zerbitzuak bultzatzen duten ‘Guraso eskola’ programaren edizio berri batekin. Haurren, gazteen eta haien familien «ongizatea hobetzea» helburu duen ekimena Haur Hezkuntzako (HH), Lehen Hezkuntzako (LH) eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) ikasleen familiei zuzenduta dago, eta gai ezberdinak jorratzeko tailerrak eta hitzaldiak eskaintzen ohi ditu. Doakoa den programazio horretan eskualdeko zazpi udalerrietan erroldatutako herritarrek har dezakete parte. Zehaztu dutenez, «baldintza bakarra» dago, tailerra osatzen duten saioetara joateko konpromisoa hartzea». Hizkuntzari dagokionez, saio guztiak gaztelaniaz izango badira ere, aukera dago euskaraz parte hartu nahi izatekotan, zabaldutako informazioaren arabera. Hazkuntzarako lagungarriak diren gakoak Seme-alabak Haur Hezkuntzan dituzten familientzako tailerraren sei saioak maiatzean eta ekainean zehar izango dira Kurtzio Kultur Etxean, arratsaldez, eta Sandra Martin Andres Diziplina Positiboko Familien Hezitzaileak emango ditu. Errespetuzko hezkuntzaren gakoak, portaera txarraren atzean egon daitekeen hori edota autoestimua izango dira jorratuko diren gaietako batzuk. LHko ikasleen familien kasuan, Iñigo Zaballos Diez neuropsikologian eta arlo digitalean adituak eskainiko ditu maiatzean zehar izango diren sei saioak. Azken hauek Gorliz Erakusgelan izango dira. Pantailen erabilera edota aisialdi digitala izango dira ardatz nagusietako bi. DBH ikasten duten gazteen familien kasuan, bestalde, Jorge Madariaga ADOS SCko psikologo kliniko eta haur eta gazteekin esku hartzen duen adituak emango du ikastaroa lau saiotan, Berango Gazte Lab-en. Komunikatzeko zailtasunak, frustrazioaren kudeaketa, kontsumoak edota osasun mentala izango dira gai nagusiak. Ekimenean parte hartzeko izen-ematea zabaldu dute maiatzaren 2ra arte, egun hori barne, webgunean eskuragarri dagoen inprimakia betez.