GAUR8 - mila leiho zabalik

155 lan jaso ditu ‘Hitz-Erdiko Kontaketak’ Basauriko euskarazko kontakizun laburren lehiaketak

‘Hitz-Erdiko Kontaketak’ euskarazko kontakizun laburren lehiaketak 155 lan jaso ditu bere zazpigarren edizioan. Kontakizun sarituak aurkeztutako beste lan batzuekin argitaratuko dira eta doan eskuratu ahal izango dira.

Basauriko Udaletxea eta inguruak, artxiboko irudian. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

‘Hitz-Erdiko Kontaketak’, Basauriko Udalak bultzatutako euskarazko kontakizun laburren lehiaketak, 155 kontakizun jaso ditu zazpigarren edizioan, eta horien artean bost sarituak aukeratu dira.

Udalak jakinarazi duenez, parte hartu nahi zutenek ‘Haur bat bezala...’ antolakuntzak ezarritako hasierako esaldiari eman behar zioten jarraipena, eta gehienez ere ehun hitz dituen euskarazko kontakizuna idatzi.

2024ko urtarrila eta martxoa bitartean garatu den zazpigarren edizio honetan, Basauriko Udalak, ZirtZart Gazteria Zerbitzuaren bitartez, ‘Geuria’ Hego Uribe komunikabidearekin eta Elkar Euskal Kulturgintzarekin elkarlanean antolatuta, 155 proposamen jaso dira guztira.

Barakaldoko auzokidea den Rebeca Fernandez Rueda, Villabonako Irene Izaguirre Chaparro eta Ondarroako Olatz Noberan Gartzia izan dira lehen, bigarren eta hirugarren sariak irabazi dituzten pertsonak, hurrenez hurren. Andere Ramirez Garcia Laudioko gazteak Elkar Saria jaso du eta Izaskun Herce Quintanak Basauri Saria.

Lehen sailkatuak 200 euroko saria jaso du; bigarrenak 125 eurokoa; eta hirugarrenak 75 eurokoa. Halaber, 'Elkar' saria (adin txikikoentzat, 150 euroko balioarekin) eta 'Basauri Saria' (udalerrian erroldatutako pertsonentzat, 150 euroko balioarekin) ere jaso dituzte. Horretaz gain, lehen bi kontakizunak eta Elkar eta Basauri sariak ‘Geuria’ egunkarian argitaratu dira.

Azkenik, formatu txikiko liburu bat argitaratu da aurkeztutako kontakizun batzuekin, tartean bost sarituekin. Interesa duten pertsonek horren kopia bat eskuratu ahal izango dute formatu fisikoan, doan, ZirtZart Gazte Informazio Bulegoan edo Basauriko Elkar dendan.