MAY. 03 2024 Gaur X urte Gaurko egunez hil zen, duela 27 urte, Bittori Etxeberria, Alava Sareko kide izandakoa Gaurko egunez hil zen, duela 27 urte, Bittori Etxeberria, Alava Sareko kide izandakoa. Espiotza antifrankistan pertsona garrantzitsua izan zen. Bittori Etxeberria, garaiko argazki batean. GAUR8 Bittori Etxeberria 1908an jaio zen Elizondon, eta 89 urterekin hil zen, 1997ko maiatzaren 3an, duela 27 urte. Baztandar abertzalea izan zen, EAJko militantea eta Baztango Emakume Abertzale Batza (EAB) taldeko presidentea 1932tik. Francoren kontrako euskal erresistentziaren Informazio-Zerbitzuan sartu zen 1937an eta haren lanari esker, bizitza asko salbatu ziren. 1940. urtean atxilotu egin zuten eta espetxean izan zuten 1947ra arte. Etxeberria Alava Sareko kide izan zen. Informazio eta espiotzara dedikatzen zen taldea izan zen, eta ia 50 kide izatera iritsi zen Hego Euskal Herrian. Baina sarea ehuntzen lan gehien egin zutenak emakumeak izan ziren: Bittori Etxeberria nafarra, Itziar Mugika eta Delia Lauroba gipuzkoarrak eta Tere Verdes bizkaitarra. «Zinez uste dut emakumeak parte hartu dezakeela etxetik kanpoko kontuetan bere feminitateari kalterik egin gabe», esaten zuen Etxeberriak. «Emakumeok ezin genuen axolagabe jokatu, zeren gure aberria defendatzea zen kontua», gaineratu zuen behinola. Elizondar hau ‘Pepita Etxano’ ezizenez ezagutzen zuten, eta esaten zen bere eskutik sortu zela informazio eta espiotzara bideratutako taldea. Alava Sareak preso antifrankistei elkartasuna adierazteko ekitaldiak antolatzen zituen, baina bere lanik garrantzitsuena zen militarren aldeko garrantzizko informazioa jasotzea, kasurako, armada frankistaren dibisioak nola antolatzen ziren, edo Condor Legioari buruzko xehetasunak. 1940-41eko neguan, frankismoa Estatu espainiarrean finkatuta zegoenean, erakunde honetako zenbait kide atxilotu zituzten, tartean Bittori Etxeberria. Ez zuten aske utzi 1947ra arte.