MAY. 06 2024 Miaketa arkeologikoa egingo dute Artolako lepoan, Burdin Aroko herri baten zantzuak bilatzeko Aranzadi Zientzia Elkarteak katen bidezko miaketa arkeologikoa egingo du larunbatean Artolako Lepoan, Urkiolako Parke Naturalaren mugetan, Burdin haroko herri harresitu baten zantzuen bila. Garaian kokatutako objektu batzuk aurkitu zituzten bertan, 2014an. Artolako lepoaren kokapena, irudian. (Gerediaga Elkartea.) GAUR8 Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzaileek miaketa arkeologikoa egingo dute larunbatean (hilak 11), Artolako lepoan, Burdin Aroko herri baten zantzuak dauden aztertzeko. «Burdin Aroko herri harresitu modura identifikatzeko moduko aztarnategi arkeologikorik dagoen aztertzea izango da lanen helburua», argitu du Gerediaga Elkarteak ohar batean. Izan ere, elkartearen enkarguz eta Urkiolako Patronatuaren laguntzarekin egingo da zapatuko miaketa.Aipatutako eremua Abadiñoko lurretan dago, Urkiolako Parke Naturalaren mugetan, 632,65 metroko altitudean. Bertan kata arkeologikoak egingo dituzte Aranzadiko adituek boluntarioen laguntzarekin. Zehaztu dutenez, «aztarnategi arkeologikorik dagoen, metaketa arkeologikorik dagoen egiaztatzea, eta baleude, bertan kontserbatu daitezkeen egiturak dokumentatzea eta aztertzea izango da lanaren helburua». 1945eko lan arkeologikoak Artolako inguru horretan, 1945. urtean egin zituzten lehen lan arkeologikoak, Blas Taracena eta Ausguto Fernandez de Avilesen eskutik. «Itxurarako egitura identifikatu zuten, ezonda bat, eta ondorioz ingurunea ‘kastro’ modura identifikatu zuten», azaldu du Gerediagak. Gogoratu du, gainera, zundaketek «emaitzarik eman ez arren Artolaren identifikazioa Burdin Aroko herri harresitu modura onartu» zela, baita horrela agertu ere 1984ko Javier Gorrochategui eta Maria Jose Yarrituren ‘Carta Arqueologica de Vizcaya’ lanean.Ia bost hamarkada beranduago, 1994an, kata bat egin zuten Armando Llamosas eta Dona Gil arkeologoek, «eta horrekin betiko utzi zuen albo batera Artola Burdin Aroko herri harresitu moduan identifikatzea». «Arkeologoek emandako argudioa zen lurrez eginiko egitura zela», aipatu du Gerediagak, azken hamarkadetan egindako ikerketa lanak gogora ekarrita. 2014ko aurkikuntzak Ibilbide horretan, Aranzadik ere hartu du parte, 2014an miaketa egin baitzuen zientzia elkarteak Pedro eta Mikel Argandoña anaiekin batera. Orduan aurkikuntza batzuk egin zituzten Artolan: «beirazko lepo-ale bat, harrizko leuntzaile bat eta eskuz egindako zeramikak». Izan ere, nabarmendu du Gerediagak Aranzadiren ustetan, «okupazio mailekin eta itxurako ezpondekin, gutxieneko oinarria» dagoela Artolan Burdin Aroko herri harresitua egin dagoela proposatzeko. Zapatuan egingo duten landa-lanaren inguruan aurreratu dute 15 boluntarioren laguntza izango dutela elkarteko adituek. Herritarrek, bestalde, aukera izango dute lanak bertatik bertara ezagutzeko, goizeko 11.00etatik aurrera. Alluitz Mendi Taldeak mendi irteera antolatu du egunerako, eta Atxarteko Kristo Sainduaren ermita aurrean jarri dute hitzordua 10.00etan. Zehaztu dutenez, deialdi irekia da publiko orokorrarentzat, aurretik izena eman beharrik ez duena.