MAY. 08 2024 Gaur X urte Duela 14 urte Eyjafjallajökull sumendiaren errautsek Euskal Herriko aireportuak itxi zituzten Gaur dira 14 urte Islandiako Eyjafjallajökull sumendiak atmosferara botatako errauts hodeiak Biarritzeko, Bilboko, Donostiako, Gasteizko eta Iruñeko aireportuak ixtera behartu zuela. Milaka bidaiariri eragin zien gertaerak. Eyjafjallajökull sumendiak errauts hodeia eragin zuen. (Wikimedia Commons) GAUR8 2010eko martxoaren 20tik ekainaren 23ra bitartean Islandiako Eyjafjallajökull sumendiak hainbat erupzio izan zituen. Errauts hodei ugari sortu ziren tarte horretan eta gaur dira 14 urte Euskal Herrira haietako bat iritsi zela. Errautsek hegazkinek darabilten zeru zatia estali eta Biarritzeko, Bilboko, Donostiako, Gasteizko eta Iruñeko aireportuak ixtera behartu zuten, sekulako nahastea sortuz. Eyjafjallajökullen 2010eko erupzioa izenez dira ezagun urte horretan eta baita 2009an ere sumendiak sortutako gertaera bolkanikoak. Izen bereko glaziarrean dago sumendia, Islandian, eta 2009. urtearen amaieran hasi zen jarduera sismikoa, iraila aldera. Azkenean, 2010eko martxoaren 20an erupzio bolkaniko bat eragin zuen jarduera sismikoak. Lehen erupzio horren ostean bigarren bat gertatu zen urte bereko apirilaren 14an. Larria izan ez bazen ere, errauts hodei handia sortu zuen, Europako hainbat puntutara hedatu zena, baita Euskal Herrira ere. Horrela, hurrengo egunean Europako hainbat aireportu internazional itxi behar izan zituzten eta bidaiak bertan behera uzteak 10 milioi bidaiari ingururi eragin zien. Izan ere, bigarren erupzio horrek errauts bolkanikoa bota zuen atmosferara, hainbat kilometroko altuerara iritsiz eta milaka kilometro karratuko eremu batean hedatuz. Horren ondorioz, milaka hegaldi bertan behera utzi zituzten. Egoera horrek eragina izan zuen munduko leku askotatik zetozen hegaldietan, Frankfurteko eta Amsterdamgo aireportuak itxi baitziren. Euskal Herriko aireportuetan ere izan zuen eragina eta Biarritzeko, Bilboko, Donostiako, Gasteizko eta Iruñeko aireportuak itxi behar izan zituzten.