GAUR8 - mila leiho zabalik

Miren Larrarte, esku pilotaren aurpegi desberdinak ezagutzen

CIJB erakundeak antolatzen duen Europako Txapelketan pilotari onenaren saria jaso zuen bidaniarrak apiril hasieran. Euskal Selekzioarekin esperientzia bikaina izan zuen Portugalen, eta orain ezker horman zentratuko da. Urte zail batzuk igaro ditu, motibazioa apur bat galduta, baina baikor begiratzen dio etorkizunari. Halaxe kontatu dio GAUR8ri larunbatean argitaratuko dugun elkarrizketan.

This browser does not support the video element.


«Horrelako sari batek sekulako ilusioa egiten du. Herrialde desberdinetako jokalari asko geunden, eta sari hori zuri emateak ilusio berezia egiten du», onartu digu Miren Larrartek Bidaniako pilotalekuan egindako elkarrizketan.

Portugalgo Freixo de Espada a Cinta herrian ospatu zen CIJB erakundeak antolatzen duen Europako Txapelketa, eta euskaldunek emaitza bikainak lortu zituzten –emakumezkoek urrezko hiru domina eta gizonezkoetan urrezko bat eta brontzezko hiru–, eta Miren Larrarte bidaniarrak txapelketako pilotari onenaren saria jaso zuen.

«Jarraitzeko motibazio puntu bat ere eman zidan», gaineratu du, normalean jokatzera ohituta ez dauden jokamoldeak izanik eta ezker horman urte zail batzuk igaro ostean.

«Azkeneko urteak ez dira oso aberatsak izan frontoian, pilota mistoarekin batez ere. Ez da aitzakia, baina eskuek ez didate asko lagundu eta motibazio aldetik ez naiz nire %100ean ibili. Orain askoz gusturago nabil entrenatzen eta eskuek oraingoz errespetatzen naute», onartu digu.

Atzerrian izandako esperientziak, emakumeen pilotaren bilakaera eta ajeak, etorkizuneko erronkak... Horiek eta gehiago izan ditugu hizpide larunbatean argitaratuko dugun elkarrizketan.