MAY. 16 2024 Gipuzkoako emakume gazteen laurdena inaktiboa da aisialdian, ikerketa baten arabera EHUko ikertzaileen azterlan batek Gipuzkoako emakumeek jarduera fisikoa egiteko duten ohiturak eta oztopoak ikertu ditu. Ondorioztatu du kolektiboan laurdena inaktiboa dela eta ohartarazi du aurkitzen dituzten oztopoak eta dituzten beharrak kontuan hartzearen garrantziaz. Olaia Eizagirre EHUko ikertzaileak burutu du azterlanean. (UPV/EHU) GAUR8 Olaia Eizagirre Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikertzaileak Gipuzkoako emakume gazteek aisialdian jarduera fisikoa egiteko dituzten ohiturak, arrazoiak eta oztopoak aztertu ditu, Ikerlanean ondorioztatu du %23,6 inaktiboa dela aisialdian, eta arrazoi ezberdinak daude portaera horren atzean: denbora falta, nekea eta nagia. Sedentarismoa egunerokotasunean nagusi den une honetan jarduera fisikoa egiteak gaixotasunen prebentzioan duen garrantzia azpimarratu du EHUK ohar batean, zehaztuz joera orokorra bada ere azterlan batzuek erakusten dutela nabarmenagoa dela emakumeen artean. Inaktibitate fisikoa laguntzeko asmoz, EHU Gikafit ikerketa-taldeak aztertu du Gipuzkoako emakume gazteen artean kirola egiteko dituzten «ohiturak, arrazoiak eta oztopoak». Lana burutzeko, 18 eta 29 urte bitarteko 526 emakumek erantzun dute galdetegi bat. Aktibotzat hartu dituzte astean gutxienez 150 minutuz jarduera fisikoa intentsitate moderatuan egiten dutenak. «Ikusi dugu pate hartzaileen laurdenak ez direla asteko bi ordu eta erdi horietara iristen, eta batzuei emakume gazteen laurdenak inaktibo izatea utxi irudituko zaien arren, asko da», azaldu du Olaia Izagirre ikertzaileak. Nabarmendu duenez, «garrantzitsua da jarudera fisikoa egiteko dituzten arrazoiak eta oztopoak aztertzea». Oztopoak ulertzea Ikerketak erakutsi du sasoian egotea dela arrazoi nagusietako bat, eta ekintzaz gozatu eta pertsonalki gogobetetzen dutela planteatzen dutela. Aktibo izateko motibazioan estetikak duen garrantzia azaltzen da. Eizagirrek esan duenez, «gazteen artean, gorputz-irudiari lotutako kezkek protagonismo handia dute. Motibazioen lehen postuetan ez badago ere, ikusi dugu adin tarte horretan indar handia duela edertasun kanonei erantzuteko jarduera fisikoa egiteak». Oztopoen artean, bestalde, denbora falta eta lanak edo ikasketek eragindako nekea eta nagia azaltzen dira, eta azaleratu du faktore sozialek ere garrantzia dutela. Ikusi dute, era berean, parte hartzaileen artean talde bateko kide sentitzeak eta gustuko jendearekin jarudera fisikoa egiteak animatzen dituela. Eizagirrek aipatu duenez, «parte hartzaileek adierazi dute gizonen aldetik gutxiespenak jaso izan dituztela eta horrek jarduera fisikoa eta kirola ekintza deserosotzat hartzea ekarri duela. Beraz, baliagarria izan daiteke emakumeentzako espazio seguruak sortzea. Esaterako, soilik emakumeentzako diren ekintzak eskaintzea; besteen begiradarik eta epaiketarik gabekoak». Ikertzaileak azpimarratu du emakumeen taldea heterogeneoa dela, askotariko beharrak izan ditzakeena, «eta ezin ditugu guztiak multzo berean sartu eta erantzun bakarra eman; adinaren eta tokiaren araberako politikak behar dira».