GAUR8 - mila leiho zabalik

Abian jarri dute Soldarte Soldadura Eskolaren edizio berri bat

Soldarte Soldadura Eskolaren edizio berri bat jarriko dute martxan, arloan kualifikatutako pertsonak prestatu eta enpresen eskaerari erantzuteko. Lanpostu horiek lortzeko aukera gutxiago duten pertsonei zuzenduta, kolektibo batzuen langabeziaren kronifikazioa ere saihestu nahi du.

Bizkaiko Enplegu Atarian zabalduko dute «laster» izen ematea. (Jon URBE | FOKU)

Bizkaiko Foru Aldundiak Soldarte Soldadura Eskolaren bigarren edizioa jarriko du abian, arloan kualifikatutako pertsonak prestatzeko. Era horretara, profil horiek lurraldeko enpresetan duten eskaerari erantzun eta kolektibo jakin batzuen langabeziaren «kronifikazioa» ere saihestu nahi dute.

Foru Gobernuaren Kontseiluak 585.000 euroko inbertsioa onartu du, eta argi berdea eman dio soldadura eskola gauzatzeko Somorrostro heziketa zentroari dirulaguntza emateko baldintzak eta konpromisoak ezartzen dituen hitzarmenari.

Helburua da Bizkaiko enpresetan edo lantokia herrialdean duten enpresetan soldaduran kualifikatutako pertsonen eskaerari erantzutea. Horretarako, Haizea Wind SL enpresaren eta Metaleko Enpresen Bizkaiko Federazioaren laguntza izango du.

Prestakuntzak soldadurako lau tipologia eskainiko ditu: arku urperatu bidezko soldadura, soldadura erdiautomatikoa, TIG soldadura eta elektrodo bidezko soldadura. Horrez gain, zeharka eratuko da arku-aire soldaduran.

Leixuri Arrizabalaga foru bozeramaileak Gobernu Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan azaldu duenez, prestakuntza Bizkaian bizi diren eta «soldadurarekin lotutako lanpostuak lortzeko aukera gutxiago duten» kolektiboei zuenduta dago.

Era berean, eskaintza irekita dago beste sektore batzuetatik datozen pertsonentzako, 50 urtetik gorako lagunentzako, emakumeentzako, gizarte zerbitzuetatik datozen pertsonentzako eta atzerritarrentzako.

Hala ere, beste kolektibo batzuei ere zuzenduko zaie, baldin eta, hainbat arrazoirengatik, langabezian badaude edo «lan-ezegonkortasunagatik» enplegua hobetu nahi badute.

Arrizabalagaren hitzetan, proiektuak pertsona jakin batzuen langabezia «kronifikatzea» saihesten laguntzen du, soldaduraren esparruan profil profesional kualifikatuak eratzen laguntzen du, lan-merkatuan txertatzeko, eta profil horiek dituzten enpresek Bizkaiko industria-enpresetako «kalitatezko» lanpostuetan dituzten beharrak betetzen laguntzen du.

21.000 enplegu-aukera

Programan parte hartzeko, Bizkaiko Enplegu Atarian zabalduko dute izena emateko ataria laster. Aldunditik nabarmendu dutenez, soldadura da gehien eskatzen den lanbideetako bat, bai mundu mailan, bai estatu mailan eta bai toki mailan. Azaldu dutenez, Lanbideren datuen arabera, 2021 eta 2032 bitartean 21.000 enplegu-aukera baino gehiago sortuko dira soldadura, txapa, metalezko egituren muntaketa eta antzekoetarako.

Aldi berean, Aldundiko bozeramaileak azaldu duenez, sektore horretan 1.500 langile gutxiago egotea aurreikusten da.

«Enpresek soldatzaileak sartzeko beharra izaten jarraituko dute, gutxienez hurrengo 10 urteetan, profesionalik ez dagoen ingurune batean. Baina, hala ere, Bizkaian 60.000 pertsona baino gehiago daude langabezian, eta, beren profiletara egokitutako ibilbideen bidez, trebatu, kualifikatu eta lan-merkatuan txerta daitezke», nabarmendu du Aldundiak.