GAUR8 - mila leiho zabalik

EHUren parte hartzea duen azterlan batek eskizofreniarako tratamendu pertsonalizatuak lortzeko atea ireki du

EHUko ikertzaileak eskizofreniarako tratamendu pertsonalizatuak garatzeko bidea zabaldu duen nazioarteko azterlan batean parte hartzen ari dira. Gaur egungo tratamenduek dituzten albo ondorioekin bukatu nahi dute, gaixo asko medikazioa uztera eramaten baitu horrek.

Rebeca Diez-Alarcia EHUko ikertzailea eta artikularen egileetako bat, irudian. (UPV/EHU)

EHUko ikertzaileen parte hartzea duen azterlan batek molekula batzuek serotoninaren errezeptore zelular batean nola jokatzen duten ikertu du. Lanak «eskizofreniaren sintometan modu berezian eragitea ahalbidetuko luketen mekanismoak» topa litzake, «garunaren beste prozesu batzuk kaltetu gabe».

Hospital del Mar Ikerketa Institutuak EHUko Neuropsikofarmokologia ikerketa taldearekin eta Buruko Osasunerako CIBERekin elkarlanean egindako nazioarteko azterlana da, eta ‘Nature Communications’ aldizkarian argitaratu berri da.

EHUk azaldu du ohar batean eskizofreniak hainbat sintoma mota eragiten dituela: «eldarnioak, haluzinazioak, gabezia kognitiboak (memoria eta lengoaiari eragiten diotenak) eta sintoma depresiboak».

«Egungo tratamenduak, neurri handi batean, diana teraputiko jakin batera zuzenduta daude: 2A motako serotoninaren errezeptorea», zehaztu dute Unibertsitateko iturriek. Gauza da tratamentu horiek ez dutela aukerarik ematen pazientearen sintometan modu selektiboan eragiteko», eta horren ondorioz, «gaixoek albo ondorioak jasaten dituzte, metabolikoak edo motorrak», tratamendua uztera eramaten duena.

G proteinen papera

Nazioarteko ikerlanak G proteinen paperean jartzen du azpimarra, proteina horren bi mota nahasmenduaren sintoma nagusiak modulatzea ahalbidetzen dutela frogatu ondoren.

«Proteina horiek errezeptore berera akoplatuta daude, baina ez dute modu berean jokatzen eta askotariko erreakzioak eragiten dituzte zeluletan; horrek oso informazio baliotsua ematen digu etorkizuneko azterlanetarako, eskizofrenia modu indibidualizatuan tratatzeko sendagaiak garatzeko, paziente bakoitzaren sintomei egokituta», adierazi du Jana Selent doktoreak. Azterlanaren egile nagusietako bat da Selent, eta Hospital del Mar Ikerketa Institutuko G proteinei akoplatutako errezeptoreetan oinarritutako farmakoen aurkikuntzan zentratuta dagoen ikertaldearen koordinatzailea.

Ikerketaren garrantzia nabarmendu du Daniel Berge doktoreak. Azaldu duenez, «eskizofreniaren tratamendurako farmako selektiboagoak diseinatzen lagunduko du azterlan honek, tolerantzia hobea eta gaixotasunaren sintomen gainean zehaztasun handiagoa eskain dezaketen farmakoak» eta horrek «tratamenduari hobeto atxikitzen lagunduko luke», «birgaixotzeak saihesteko eta bizi kalitate hobea lortzeko» giltzarria dena.

ERAnet Nueronek finatzatu du azterlana Europako funtsekin eta Estatu espainoleko, Alemaniako eta Kanadako funts publikoekin.