MAY. 30 2024 Gaur X urte Duela hamabi urte zendu zen Karmele Esnal irakasle eta idazlea Karmele Esnal Zulaika Orion sortu zen 1932an, eta Donostian zendu zen, gaurko egunez, 2012an. Irakaslea, ikastolen sustatzailea eta idazlea izan zen. Elvira Zipitriarekin praktikak egin, eta bere ikastola eratu zuen. Jarrai antzerki taldeko kide, Donostiako Bagera euskaltzaleen elkartearen sustatzaile eta hainbat artikuluren egilea izan zen. Karmele Esnal, 1999an GARAn egindako elkarrizketa batean. (Jon URBE | FOKU ) GAUR8 Orion jaio eta bertan igaro zituen haurtzaroko lehen urteak Karmele Esnalek. Baina handik Donostiara joan zen bizitzera familiarekin. Irakasle izateko ikasketak egin zituen Gasteizen eta Donostian, eskola partikularrak ematen zituen bitartean. 1953an Elbira Zipitria ezagutu eta berarekin ikasturte osoko praktikak egin zituen Alde Zaharreko ikastolan, goiz eta arratsaldez, 1954ko uda bitartean. Hurrengo urtean, bere ikastola sortzea erabaki zuen, Donostian, Amara Zaharreko Pedro Egaña kalean, zazpi ikaslerekin. 1958an Artzain Onaren plazara aldatu zuen Ikastola, etxebizitza batean alokatutako gela batera. Ordurako 35 bat ikasle zituen. 1965an, Donostiako Santo Tomas Lizeoan hasi zen lanean. Irakasle, administrari, zuzendari eta idazkari lanetan ere aritu zen.1960. urtean Jarrai antzerki taldean sartu zen, Iñaki Beobide zuzendari zela, Xabier Lete, Ramon Saizarbitoria, Arantxa Gurmendi eta beste askorekin batera.Hamarkada horretan ‘Zeruko Argia’-ko «Gazte naiz» sailean artikuluak argitaratu zituen, «Maribeltz» ezizenaz. Itzulpen lanak egin zituen ‘Pan-pin’ aldizkarirako eta Arrate Irratian emakumeei buruzko irratsaioa egiten zuen astero.1965ean, lehen euskal udalekuetan begirale aritu zen, Barrian. Donostiako Bagera euskaltzaleen elkartearen sortzaileetako bat izan zen, eta mintzalagun programan ere parte hartu zuen.1998an Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu zuen, eta Euskal Idazleen Elkarteak ohorezko bazkide.