JUN. 03 2024 Zortzi finalista ditu Barakaldoko Baffest emakume argazkilarien lehiaketak Barakaldoko Baffest emakume argazkilariei eskainitako lehiaketak zortzi finalista hautatu ditu, eta hurrengo hitzordu bat jarri du: urriaren 5a, Baffest Argazki Eguna. Bertan euren lanak aurkeztuko dituzte zortzi finalistek. Zortzi finalisten artean dagoen Paula Elena Ramosen lanetako bat, irudian. (Baffest) GAUR8 Lili Ana Ramos, Paula Elena Ramos, Julie Delabarre, Patricia Bofill, Virginia Villacisla, Fernanda del Barrio, Paula Artes eta Usue Belandia argazkilarien lanak aukeratu ditu epaimahaiak Barakaldoko Baffest lehiaketaren 9. ediziorako. Deialdiaren azken fasea urriaren 5ean izango da, Argazki Egunean. Bertan, zortzi finalistek euren lanak aurkeztuko dituzte eta irabazlea ezagutuko da. Antolatzaileek azaldu dutenez, Baffest 2024 Argazkilarien bederatzigarren Lehiaketaren irabazleak 600 euroko saria eta 2025eko edizioan komisariatutako bakarkako erakusketa bat jasoko ditu, jaialdiak ekoiztuta. Zortzi lan finalistak finalerdietara heldu ziren 20 lanen artean aukeratu ditu epaimahaiak. Argazkilari finalistek euren lana zuzenean defendatuko dute urriaren 5ean Barakaldoko Clara Campoamor Gizarte Etxean, Baffest Argazki Egunean. Egun bat lehenago, urriaren 4an, Estudio Durerok Zamudion duen egoitza bisitatzeko eta artista gonbidatu batek egindako masterclass batean parte hartzeko aukera izango dute guztiek. Barakaldoko Udalak bultzatzen du Baffest lehiaketa Fotopop Producciones Culturales-en eskutik. Helburua da «argazkigintza, adierazpen artistiko gisa, herritar guztiei hurbiltzea, artea eta kultura, berdintasuna eta bizikidetza sustatzen dituzten eguneroko espazio komunetan jarritako argazkiak baliatuz».