GAUR8 - mila leiho zabalik

Kalean da ‘Behinola’ haur eta gazte literatura aldizkariaren 49. alea

Etorkizuna gai zentraltzat hartuta, ‘Behinola’ haur eta gazte literatura aldizkariaren ale berria plazaratu du Galtzagorri elkarteak. Zenbaki honetan, helduek irudikatu dute etorkizuna, haurren greba orokor baten ‘fake’ albistea eta guzti.

Kolore ezberdinetako figura geometrikoak dira azken aleko protagonistetako batzuk. (Galtzagorri )

Galtzagorri elkarteak argitaratzen duen ‘Behinola’ haur eta gazte literatura aldizkariak ale berri bat du kalean, 49.a. Ohar batean azaldu du aurtengo bi zenbakiak «bereziak» direla, «kalean dagoen 49.a abenduan aterako dugun 50. zenbakiaren atarikoa delako, eta 50.a aldizkariaren urtemuga biribila delako».

Etorkizuna da azken bi aleen gai nagusia, plazaratutako aldizkari berriak jorratzen duena, eta hurrengoan trataera berezi bat izango duena. Izan ere, oraingoan helduek landutako gaia bada, hurrengorako haurrei eskatuko diete «hitzez eta irudiz gai berbera» landu dezatela.

Zehaztutakoaren arabera, azken zenbakian ez dago erredakzio batzorde kanpoko gonbidaturik. «Aldizkaria etxean egin nahi genuen, etorkizunarekin jolastu nahi genuen, ezizen bat hartu, forma berri bat, eta garen helduon ikuspegitik arakatu nahi genuen etorkizuna, ondoren hurrengo zenbakiaren lekukoa haurrei pasatzeko», adierazi dute Galtzagorri elkartetik.

Azken aleko edukiei begira forma geometrikoen erabilera nabarmendu dute. Figura horiek hartu eta «ezizenak asmatu ditugu sortzeko libreago sentitzeko: biribilak, triangeluak, obaloak, lauki zuzenak eta erronboak izan gara, bakoitza kolore batean».

Zehaztu dutenez, etorkizuna ikertu, asmatu eta ilustratu nahi izan dute Galtzagorriko kideek. Sormen prozesu horretan, ikerketa egin dute liburutegi publikoetako funtsak miatuta, ipuin klasikoetako zenbait pertsonaiari etorkizuna asmatuz. Azaldu dutenez, «‘fake’ albisteak idatzi ditugu non, esate baterako, haurrek eta gazteek greba orokor bat antolatzen duten ‘heldukrazia’-ren kontra».