GAUR8 - mila leiho zabalik

‘Amama Influencer’ oroimenerako proiektuan parte hartu duten amamak omendu dituzte Sodupen

‘Amama Influencer’ emakumeen memoria historikoa berreskuratzeko proiektuan parte hartu duten amamak omenduak izan ziren astelehenean Sodupen. DBHko ikasleekin landutako proiektua da, eta arlo ezberdinetan adineko emakumeen bizipenak jaso ditu.

Proiektuan parte hartu duten amamei egindako omenaldia, irudian. (Bizkaiko Batzar Nagusiak | Europa Press)

Enkarterriko Museoak ‘Amama Influencer’ izeneko emakumeen memoria historikoa berreskuratzeko proiektuan parte hartu duten adineko 30 emakume inguru omendu ditu Sodupeko Kultur Etxean. Proiektu horretan, Sodupeko Eretzaberri Institutuko Bigarren Hezkuntzako 50 bat ikaslek ere parte hartu dute.

Astelehenean egin zuten omenaldi ekitaldia Sodupen. Belaunaldien arteko egitasmoa da ‘Amama Influencer’, aurten bigarren edizoa izan duena eta Bizkaiko Batzar Nagusien Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako II. Planaren barruan dagoena, gogoratu dute Bizkaiko Batzar Nagusiek ohar baten bidez.

Nabarmendu dutenez, proiektuak, Bizkaiko Batzar Nagusien jabetzako kultur zentroak babestua, ahanzturatik atera ditu hamarkadetan isilarazitako emakumeen testigantzak.

Prozesuan, amamek bilobekin eta Eretzaberri Institutuko DBHko ikasleekin hitz egin dute iraganeko bizitzaz, garai hartako familiaz eta gizarte eta lan bizipenez, eskualdeko emakumeen memoria historikoa ahanzturatik berreskuratzeko ikerketa-lan batean laguntzeko.

Proiektua eskualdeko hainbat tokitan garatu da: ikastetxean, Sodupeko kaleetan, protagonisten etxeetan eta Enkarterriko Museoan.

Eretzaberri institutuko DBHko 4. mailako 53 gazteen eta nagusien parte-hartzeak entzute ariketa izan du, eta XX. mendearen erdialdetik Kadaguako fabriketan ehunka lanpostu industrial hartzeko gai izan ziren emakumeen bizipenen alderdirik gizatiarrena ateratzea lortu du.