JUN. 19 2024 Gaur X urte Gaur 104 urte jaio zen Fernando Aire Etxart ‘Xalbador’ Gaurko egunez 104 urte beteko lituzke Xalbador bertsolari handiak, jaiotzako izen-deiturez Fernando Aire Etxart. Urepelen jaio zen eta 1946tik 1960ra bitartean Hego Euskal Herriko bertso-lehiaketetako sari asko irabazi zituen. Xalbador bertso-saio batean. (GAUR8) GAUR8 Fernando Aire Etxart Urepelen jaio zen 1920ko ekainaren 19an. Izatez artzaina zen bera, baina bertsolari moduan egin zen ezaguna Euskal Herrian barrena. Gazte-gaztetatik interesatu zitzaion bertsolaritza, eta, kantuak ikasteko zuen erraztasunari eta azkar inprobisatzeko bizkortasunari esker, arrakasta lortu zuen bertsolaritzan. Bere garaiko bertso-lehiaketa gehienetan parte hartu zuen, eta 1946tik 1960ra sari asko irabazi zituen Hego Euskal Herriko lehiaketetan. 1960, 1962 eta 1965eko Bertsolari Txapelketa Nagusian hirugarren izan zen; eta 1967koan, bigarren. Bertsolaritza liriko eta poetikoa, seriostasuna eta malenkonia ordezkatu izan zituen anitzetan; bizitza, familia, baserria, fedea eta natura izan zituen bertsoetako gai, besteak beste. Xalbadorren omenez, Xabier Letek ‘Xalbadorren heriotzean’ kanta ospetsua argitaratu zuen 1978an ‘Lore bat, zauri bat’ izeneko diskoan. Bi zatitan banatutako poema da: lehenengoa diskoan errezitatu zuen eta bigarrena kanta bihurtu zen. Leteren kanturik ezagunenetakoa da Euskal Herrian; izan ere, 2005ean Euskal Kanturik Onena saioa irabazi zuen. 2014ko abenduan Eneko Dorronsorok zuzendutako ‘Xalbador, izana eta izena’ dokumentala estreinatu zen; bertan Xalbador bertsolariaren bizitza kontatzen da.