JUN. 29 2024 Gaur X urte Gaur 24 urte hil zen Vittorio Gassman aktore italiarra ‘Il Mattatore’ ezizenez ezaguna, Vittorio Gassman aktore italiarrak dozenaka pelikulatan hartu zuen parte, aktore nahiz zuzendari modura. 2000ko ekainaren 29an hil zen, gaur 24 urte. Vittorio Gassman aktore eta zinema zuzendari italiarra. (WIKIMEDIA) GAUR8 Vittorio Gassman (1922-2000), ‘Il Mattatore’ ezizenez ezaguna zen aktore, eta antzerki zein zinema zuzendaria, dozenaka filmetako lana ondare gisa utzita hil zen gaur 24 urte, 2000ko ekainaren 29an. Alemaniako familia aberats bateko kidea zen bere aita, eta Pisako hiritarra ama. Gaztea zela joan zen Erromara, hango Accademia Nazionale d'Arte Drammatican ikasteko. Ezaguna da hezkuntza zentroa, han ikasi baitute Italiako antzerki eta zinema munduko izen handietako batzuk, hala nola, Tino Buazzelli, Adolfo Celi, Rossella Falk, Nino Manfredi, Rina Morelli, Lea Padovani, Elio Pandolfi, Paolo Panelli, Luca Ronconi, Luigi Squarzina, Paolo Stoppa, Gianrico Tedeschi, Monica Vitti.. eta beste asko. 1942an debutatu zuen Milanen, ‘Nemica’ izeneko antzerki-lanean. Gerora, Tino Carraro eta Ernesto Calindrirekin talde artistiko bat sortu zuen Eliseo Antzerkian, eta sona lortuko zuen. Talde honekin denetarik egin zuen Gassmanek, umore burgesezko lanetatik antzerki intelektualera. Ez zuen inongo zailtasunik izaera desberdinetako pertsonaiak interpretatzeko. ‘Preludio d'amore’ filmarekin hasi zuen pantaila handietako ibilbidea, 1946an, eta handik bi urtera ospea irabazi zuen ‘Riso amaro’ pelikulan egin zuen lanarekin. Hala ere, Luchino Viscontiren konpainiarekin erdietsi zuen Gassmanek bere arrakasta ezagunena, Stoppa, Rina Morelli eta Paola Borbonirekin batera. Kowalskiren papera interpretatu zuen Tennessee Williamsen pelikulak: ‘A Streetcar named Desire’ [Un tranvía llamado deseo, gazteleraz]. Geroztik, dozenaka pelikula eta antzerki-lan egin zituen ‘Il Mattatore’k, eta sari ugari irabazi zituen, besteak beste, Zinemaldiko Donostia Saria, 1988an.