GAUR8 - mila leiho zabalik

Artobeltzak gariak baino hobeto erantzugo die etorkizuneko muturreko klima kondizioei, ondorioztatu dute ikertzaileek

Aurreikusten diren etorkizuneko klima-baldintzen aurrean hobekien erantzuten duten laboreak aztertzen ari dira ikertzaileak. EHUko ikerlan batek ondorioztatu du artobeltzak garia baino hobeto erantzungo duela tenperatura altua eta lehorteekin.

Garia bezalako laboreek aurre egin beharko diete gero eta lehorte-garai luzeago eta gogorragoei. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Berotegi-efektuak eragingo dituen muturreko kondizio meteorologikoek arriskuan jarriko dituzte gari-ekoizpenak. Horren aurrean, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) ikerlan batek ondorioztatu du artobeltzak gariak baino hobeto erantzungo duela klima-baldintza horietan.

Aurreikusten den agertokia zein den gogoratu du EHUk ohar batean: «atmosferako CO2a esponentzialki igo da azken hamarkadetan, eta hala jarraituko du hainbat urtez. Horren ondorioz, berotegi-efektua areagotu egingo da; litekeena da tenperatura globalak 3°C igotzea, eta, hala, ur-eskasia ere areagotu egingo da planetako hainbat tokitan».

EHUko Landareen Biologia eta Ekologia Saileko ikertzaileek etorkizuneko baldintza horietara hobeto egokituko liratekeen laboreak ikertu dituzte, kontuan hartuta «etorkizunean lehorte-garai luzeagoak eta gogorragoak jasan beharko» dituztela.

Azaldu dutenez, klima-kondizio horiek «kalte egiten diete labore konbentzionalei, hala nola garia, eta horrek arriskuan jar lezake mundu mailan milioika pertsonak elikagaiak eskuratzeko duten aukera».

EHUko iturriek nabarmendu dutenez, ikertzaileek badakite klima-aldaketa hori badatorrela, «dagoeneko gertatzen ari dela», eta «buru-belarri» ari dira «erremedioak bilatzen».

Lanean parte hartzen ari den Xabier Ximon ikertzaileak zehaztu duenez, «litekeena da etorkizunean labore konbentzional askoren erabilera murriztea (garia, artoa...) eta haien ordez egoera berrietan hobeto aurrera egiten duten laboreak erbailtzea. Hortxe daude, adibidez, artobeltza, basartoa, espelta eta abar».

Ikerlariaren esanetan, «funtsezkoa da jakitea espezie horiek zer gaitasun izango duten lehorte handiko, tenperatura altuko eta CO2 maila handiko egoertak jasateko».

Aurreikusten diren baldintzetan gariak eta artobeltzak nola erantzuten duten aurkeztu du Xabier Simonek, Jon Miranda eta Usue Perez FisioKlima-AgroSosT taldeko ikertzaileekin lankidetzan.

Baldintza kontrolatuz hazitako landareak aztertu dituzte, eta ikusi dute «artobeltzak baduela potentziala gariaren ordezko labore alternatibo izateko. «CO2 maila eta tenperatura altuetan, lehorterik egon ez arren, jada hautematen da gariaren zenbait parametrok okerrera egiten dutela: gariaren hazkuntza mugatu egiten da, eta artobeltzarena, ordea, ez; bestalde, artobeltzaren fotosintesi-maila handitu egiten da, eta gariarena, txikitu. Oro har, agerian geratu da lehorte-egoeretan artobeltzak hobeto erantzuten duela gariak baino», zehaztu dute.