GAUR8 - mila leiho zabalik

Gipuzkoako Foru Aldundiak 10.501 euro jarriko ditu Gordailuaren hiru beketarako

Kultura-ondarea zaintzeko ikasketak egiten dituzten gazte gipuzkoarrei zuzenduta, hiru beka emateko diealdia zabaldu du Gipuzkoako Foru Aldundiak prestakuntza espezializatua eskaintzeko. Uztailaren 18an bukatzen da laguntzetara aurkezteko epea.

Arkeologia lanak, artxiboko irudian. (Jon URBE | FOKU)

Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak 10.501 euro bideratuko ditu etnografian, kontserbazioan eta arkeologian prestakuntza praktikoa emateko hiru beketarako. Herrialdeko gazteen prestakuntza espezializatua osatzeko laguntzak dira, eta Gordailua Gipuzkoako ondare-bildumen zentroaren zerbitzuak kudeatuko ditu.

Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Sailak ohar bidez jakinarazi du 10.501 euro bideratuko dituela beka bakoitzera, 2024ko eta 2025eko aurrekontu-ekitaldietan banatuta, deialdi horiek finantzatzeko.

Zortzi hilabeteko bekak dira artearen eta etnografiaren kontserbazio eta zaharberritzearen eta arkeologiaren arloetan Gordailuan prestakuntza-praktikak egiteko. Azken hori aurtengo edizioan abian jarriko den beka berri bat da.

«Eskaera epea amaitzen den egunean 31 urte bete ez dituzten edo unibertsitateko ikasketak amaitu zituztenetik bost urte baino gehiago igaro ez diren gazte gipuzkoarrei esleitzea lehenesten dute», azaldu du Goizane Alvarez Kulturako foru diputatuak.

Prestakuntza-bekak Gipuzkoako Ondare Bildumen Zentroan (Irun) emango dira, baina Euskal Herri osoko museo eta zentroetara joateko aukera aurreikusten da.

Alvarezen esanetan, laguntza horiek «etorkizuneko inbertsioa» dira, «gure kultura-ondarea zaintzeko ikasketak egiten ari diren gazte gipuzkoarren prestakuntzara bideratuta daudelako».

«Aukera horiekin, prestakuntza espezializatu bat eman nahi diegu, etnografia, artearen kontserbazioa eta arkeologia bezalako funtsezko arloetan profesionalki garatzeko aukera emango diena», adierazi du.

Uztailaren 18a izango da laguntza hauetara aurkezteko azken eguna. Eskaerak internet bidez egin daitezke, Aldundiaren egoitza elektronikoaren bidez.

Eskabidea eta dagokion dokumentazioa Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Sailaren Erregistro Orokorrean, Donostiako Okendo kalean eta Aldundiko Erregistro Nagusian ere aurkeztu ahal izango dira.

Aurkeztu beharreko agirien artean, administrazio-egoitzaren ziurtagiria dago, azken hamar urteetan Gipuzkoako lurralde historikoko udalerriren batean gutxienez bost urtez bizi izan dela egiaztatzen duena. Gainera, curriculum vitaea eta espediente dokumentatua aurkeztu behar dira, baita EGA titulua edo baliokidea.

Gizarte eta Kultura Antropologian, Historian, Kultura Ondarean edo Giza edo Gizarte Zientzietako beste edozein gradutan prestakuntza akademikoa egiaztatzen duen goi-mailako unibertsitate-titulua duten pertsonek eskuratu ahal izango dute Gordailuan prestakuntza-praktikak egiteko beka.

Azterketa teorikoak eta praktikoak

Beka zortzi hilabetekoa izango da, eta onuradunak azterketa teorikoak eta praktikoak egingo ditu, bereziki bilduma etnografikoetako piezen dokumentazioari buruzkoak (erregistroa, inbentarioa, katalogazioa).

Gordailuko zaharberritze-espazioetan artea eta etnografia kontserbatzeko eta zaharberritzeko praktikak egiteko beka bat emateko baldintzak Arte Ederretako fakultateetan lizentziatutako lagunei (zaharberritze-gaietan edo artelanak zaharberritzeko eta kontserbatzeko espezialitatean prestakuntza dutenei), Zaharberritze Graduan graduatutako lagunei edo Kultura Ondasunak Kontserbatzeko eta Zaharberritzeko Goi Eskolan titulatutako pertsonei zuzenduta daude.

Beste gradu batzuetan graduatutako pertsonak (artearen historia, historia edo antzekoak), kontserbazio edo zaharberritze arloko graduondoko ikasketak dituztenak.

Beka hau jasotzea bateraezina da beste edozein beka edo laguntzarekin. Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol Sailak aurtengo edizioan abian jarriko duen beka berria da Gordailuan arkeologia arloan prestakuntza-praktikak egiteko beka.

Prestakuntza-praktikak arkeologia-bildumen dokumentazioaren arloan egingo dira bereziki. Onuradunak azterketa teorikoak eta praktikoak egingo ditu, bereziki bilduma arkeologikoetako piezen dokumentazioari (erregistroa, inbentarioa, katalogazioa) buruzkoak.