JUL. 01 2024 ‘Udako liburutegiak’ programa itzuli da, irakurzaletasunaren magia Bilboko plaza ezberdinetan Liburutegien magia plazetara eramango du beste behin ‘Udako Liburutegiak’ programak, irakurzaletasuna eta liburutegien erabilera sustatzeko. Liburuen ondoan, aldizkariak, CDak edota DVDak herritarren eskura jarriko ditu ekimenak puntu ezberdinetan. Bilboko liburutegiek udan kaleak hartzen dituzte. (Patxi BELTZAIZ) GAUR8 Bilboko Udalak liburutegiak hurbilduko ditu berriro hiriko auzoetara ‘Udako Liburutegiak’ programaren bidez. Era horretara, uztailean eta abuztuan, liburuek, aldizkariek, egunkariek eta irakurzaletasuna sustatzeko jarduerek hiriburuko hainbat plaza hartuko dituzte. Udal Liburutegien Sarearen eskutik, ekimena gaur bertan jarri dute abian, eta uztailaren 19ra arte egongo da martxan San Inazio (Elorrieta parkea), Uribarri (Eskolako Landa) eta Zorrotzan (Azoka Plaza).Ondoren, uztailaren 22tik abuztuaren 9ra, udako liburutegiak Errekalde (Plaza), Miribilla (Gernikako Lorategiak) eta Santutxura (Karmelo plaza) lekualdatuko dira. Zerbitzua astelehenetik ostiralera eskainiko da, jaiegunetan izan ezik, 11.30etik 13.30era eta 17.00etatik 20.00etara.Bilboko Udaleko iturrien arabera, ‘Udako Liburutegiak’ programak helburu nagusi bi ditu: irakurzaletasuna eta liburutegien erabilera sustatzea. Ohiko zerbitzuez gain –kontsulta, maileguak, CDak, DVDak, hemeroteka, Interneterako sarbidea eta abar– beste zenbait zerbitzu eskainiko dute udako liburutegiek.Horrela, irakurketa zerbitzua izango da, eta eleberriak, haur eta gazteentzako literaturako lanak, aisialdiari buruzko liburuak, autolaguntzakoak eta abar jarriko dira erabiltzaileen eskura, baita aldizkariak eta eguneroko prentsa ere.Halaber, publikoak etxera eraman ahal izango ditu interesatzen zaizkion liburuak, eta bertan itzuli ezarritako epearen barruan, liburuak mailegatzeko zerbitzuaren bidez. Euskadiko Irakurketa Sare Publikoko liburutegietako txartelik ez dutenek bertan eskatu ahal izango dute.Azkenik, 'Udako Liburutegiak' programak irakurzaletasuna sustatzeko hainbat jarduera eskainiko ditu, besteak beste, tailerrak, jolasak eta ipuin kontalariak haurrentzat.