JUL. 03 2024 Zelulen lekualdatzeen funtzionamendua aurkitu du EHUko diziplina anitzeko talde batek EHUko diziplina anitzeko talde batek aurkitu du zelulen lekualdatzeak orain arte ezezaguna zen mekanismo batek zuzentzen duela. Mugimendu zelularra prozesu giltzarria da organismoaren funtzionamendurako, eta hainbat gaixotasunekin lotuta dago. Irudian, Idelfonso Martinez de la Fuente EHUko ikertzailea. (UPV/EHU) GAUR8 Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Ildefonso Martinez de la Fuentek 700 zelula indibidualen mugimendu-ibilbideen teknika zientifiko aurreratuen bidezko analisi xehea gidatu du. Azterlanak frogatu du zelulen lekualdatzeak «zelula osatzen duten ia prozesu fisiologiko guztien baterako jarduera autoantolatu baten mende» daudela. EHUk azaldu du lehen aldiz frogatu dela «zelula bizidun guztietan berez sortzen den funtsezko prozesu autoantolatu batek zuzentzen eta arautzen duela zelulen mugimendua». «Mekanismo molekular autoantolatu horien ondorioz, gertatzen diren prozesu biokimiko-metabolikoek unitate funtzional bat osatzen dute, osotasun bakar gisa erabat integratua dagoena, eta milaka prozesu fisiologiko entitate bakar bihurtzen dituzte», zehaztu du Martinez de la Fuentek. Erantsi duenez, zelula migratzean duen portaera integratu hori «oso egitura ordenatu eta koordinatuak osatzen dituzten milaka arabazozoen mugimendu autoantolatuarekin konpara daiteke», edo «inurriek portaera kolektibo autoantolatuen bidez inurritegia egituratzeko duten gaitasunarekin». Aurkikuntzak duen proiekzioaren inguruan, ikertzaileak aipatu du «zelulen migrazioaz ikuspegi sistemiko batetik egiten diren ikerketak eta ohiko azterketa molekularrak konbinatzea erabakigarria» izan daitekeela, «zelulen migrazio eskasak eragindako gaixotasunekin lotutako patologien terapia eraginkorren belaunaldi berri bat garatzeko». Gogoratu dute, bestalde, mugimendu zelularra «prozeu giltzarria» dela: «zelulak mugitzen dira, adibidez, organismo bat enbrioian garatzen ari denean, zauri bat orbaintzen denean edo metastasian zehar». «Zelulen mugimendua gaizki kontrolatzean gertatzen diren akatsek ondorio larriak izan ditzakete gaixotasun garrantzitsu batzuetan, hala nola Crohn-en gaixotasunean, garunaren sortzetiko desordena jakin batzuetan eta zenbait patologia immunologiko edo baskularretan», nabarmendu dute.