JUL. 04 2024 EHUko 16 ikaslek 'Larruaren gogortasuna' erakusketan bildu dituzte beren lanak ‘Larruaren gogortasuna’, 16 ikasleren lanak biltzen dituen erakusketa, Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoan bisitatu ahal da abuztuaren 30era arte. «Buztinen eta prozedura zeramikoen aukera mugagabeak» aztertzen dituzte lanetan. Erakusketa abuztuaren 30ra arte egongo da ikusgai Bizkaiko Baztar Nagusietako Erakusketa Aretoan. (Bizkaiko Batzar Nagusiak) GAUR8 Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Arte Ederren Fakultateko ‘Zeramika: Artea eta Funtzioa’ Masterra egin duten 16 ikaslek ‘Larruaren gogortasuna’ baterako erakusketarekin amaituko dute beren prestakuntza. Erakusketa Bizkaiko Batzar Nagusietako Bilboko Erakusketa Aretoan dago ikusgai. Azaldu dutenez, «proposamen pertsonalen multzo bat da, elkarrizketa iradokitzailean prestatuak, buztinen eta prozedura zeramikoen aukera mugagabeak aztertzen dituztenak». Lorena Aduna Larriba, Estefania Aragon Orduz, Jone Cordoba Esteban, Efren-Carlos Garcia Maria, Victoria Garza Salazar, Antton Goikoetxea Ayastuy, Camila Gomez Echavarria, Sandra Gutierrez Aldao, Claudia Hernandez Bolaños, Angela Lozano Alvarez, Lara Otiura Canepa, Alba Rodriguez Cadena, Arrate Rodriguez Martin, Nerea Ruiz Puente, Jon Soroa Ruz eta Clara Zubia Garcia del Pino dira ikusgai dauden lanen egileak, eta abuztuaren 30era arte egongo dira ikusgai, sarrera librearekin. Artista talde hau Europako eta Latinoamerikako hainbat lekutatik dator, masterrean beren sormen prozesuetan «fase ezberdin eta liluragarriekin» bat egin duten talde multikultural batetik. Beraiek azaldu dutenez, «kontrastez, zailtasunez eta pozez betetako bidaia bat bizi izan dute, zeramikaren eta garapen artistikoen bilakaeraren metafora bat izan daitekeena, beti hain zalantzazkoak eta aldi berean hain intrigagarriak direnak». Erakusketaren izenburua ‘Larruzko gogortasuna’ da, «buztinaren egoera partzialki gogortua deskribatzen duen izena, baina oraindik hezetasun maila jakin bat duena». Fase honetan, akabera-teknika batzuk egiten dira, hala nola leundu, bihurritu edo ebakiak egin.