JUL. 06 2024 Gaur X urte Gaurko egunez hilda aurkitu zuten Julia de Burgos, Puerto Ricoko poeta handia 1953ko uztailaren 6ko egunsentian kalean botata aurkitu zuten, konorterik gabe. New Yorkeko labirintoan galdutako puertorricar bat zen, alkoholikoa. Ospitalean hil zen eta hilobi anonimo batean lurperatu zuten. Hilabete batzuk geroago jakingo zuten nor zen. Julia de Burgos poeta handia zen, hil ondoren Puerto Ricoko poeta bihurtuko zena. Poetaren argazki bat. (Center for Puerto Rican Studies) Amaia Ereñaga Julia Constanza Burgos García 1914ko otsailaren 17an jaio zen Carolinan (Puerto Rico). Hamahiru seme-alabez osatutako familia pobre baten alaba zaharrena izan zen. Heriotza eta zorigaitza bidelagun etengabeak izan zituen bere bizitzan hasiera-hasieratik: sei anaia hiltzen ikusi zituen. Irakasle izateko ikasi zuen eta gazte ezkondu zen, 20 urte zituenean. Baina hiru urte geroago dibortziatu zen eta Juan Isidro Jimenes Grullonekin harremanetan hasi zen. Familia dirudun batean jaiotako politikari dominikarra eta intelektuala zen, baina emakume dibortziatuak ez zituzten ondo ikusten garaiko uharteko gizartean, ezta Pueto Ricoko zirkulu intelektualek. Gainera langile klasekoa eta afrikar jatorrikoa zen Julia. Lehen senarrarengandik dibortziatu zenean, bere abizena berreskuratu zuen eta Burgosen aurretik ‘de’ gehitzea erabaki zuen, estatusa adierazteko erabiltzen zen moldea. Kuban garai bat bizi ondoren, eta Jimenesengandik banatu ondoren, 25 urterekin Puerto Rico utzi zuen ez zela inoiz itzuliko zin egin zuen. Hitza bete zuen. Ordurako kaleratuta zuen bere lehen poema bilduma, ‘Poema en once surcos’, 1938an. Lan honetan uhartearen iragan koloniala, esklabotzaren ondarea eta inperialismo estatubatuarra bezalako gaiak aztertu zituen. New Yorken jarraitu zuen idazten, eta ‘Pueblos Hispanos’ izeneko aldizkako argitalpen sozialistaren kolaboratzaile eta editore bihurtu zen. Horrela bere burua eta bere familia mantendu ahal izan zuen. Azken urteak zailak izan ziren. Depresioa eta alkoholismoaz jota, gibeleko zirrosia diagnostikatu zioten. Alkoholismoak eragindako arnas gaixotasun baten aurka ere borrokatu zen. Misterioa da nagusi bere bizitzako azken orduei dagokionez. Poliziak kalean aurkitu zuen, konorterik gabe eta identifikaziorik gabe, 1953ko uztailaren 5eko lehen orduetan. Harlem Ospitalera eraman zuten, eta bertan hil zen 6an. Heriotzaren arrazoi ofiziala pneumonia izan zen, alkoholismoak eragindako zirrosiak okerrera egin baitzuen.Familiak asteak eman zituen bere bila. Gorpuzkiak hobitik atera eta Puerto Ricora eraman zituzten.Eta, bizitza horrela da: hil ondoren, bere bizitza osoan desiratu zuen errekonozimendua jaso zuen Puerto Ricon. Egun uharteko poetarik ezagunena da. Oraindik ez da euskarara ekarri bere poesia. Gaztelaniaz, 2023an Averso poesia argitaletxeak ‘Antologia poetica’ bat kaleratu zuen.