JUL. 10 2024 Gaur X urte Gaurko egunez erori zen Galarretako elizaren kanpandorrea, urte luzetako utzikeriaren ostean 2014ko uztailaren 10ean erori zen Arabako Galarreta herriko kanpandorrea, urte luzez Foru Aldundiak bere gain hartu beharreko berritze lanak egiteke zeudela. Herriko alkateak, hain zuzen, Arabako Foru Aldundiari utzikeria leporatu zion. Galarretako eliza. (Euskadi.eus) GAUR8 Galarretako herritarrek XVII. mendean eraikitako kanpandorrea behera etortzen ikusi zuten gaur hamar urte direla. Amaia Busteros orduan Donemiliagako alkatea zenak, udalerri horretakoa baita herria, ohar bat helarazi zuen Foru Gobernuari erorikoaren errua leporatzeko. «Hiru hamarkada baino gehiago zeramatzan Galarretari 1979an emandako hitza bete gabe, orduan idatziz hitz eman baitzuen eliza eta, batez ere, errepidearen eta herriko etxe batzuen ondoan berrogeita hamar metro gorago zegoen dorrea zaharberrituko zituela», azaldu zuen. Hitza bete gabe zegoela erori zen kanpandorrea, 2014ko uztailaren 10ean. Busterosen arabera, Arabako Foru Aldundiak denbora gutxi zela bidali zuen foru teknikari talde bat tenpluaren egoerari buruzko premiazko txosten bat egin zezaten. Bizilagunek, era berean, egokitzat jotzen zuten lurraldea behatzeko gune bihurtzea edo harmaila txiki bat hartzeko egokitzea, herriko ekitaldi ludikoak hartzeko. «Auzotarrek beraiek erabaki zuten, 34 urtez zain egon ondoren, Foru Gobernuari, Javier de Andresen (PP) gidaritzapean, irtenbide bat eskatzea, eta segurtasun-arazo larri bat zela uste zutelako, elizako dorrea deskonposizio prozesu nabarmen batean baitzegoen, harlanduzko harria airean, eta, ondorioz, erortzeko arriskua baitzegoen. Egoera hori larriagotu egiten zen herrira sartzeko errepidearen ondoan eta etxe eta elkarte batzuetatik gertu egoteagatik», azaldu zuen alkateak. Bertako jatorrizko altzariak Gasteizko Babesgabeen Andre Mariaren elizara eraman zituzten, besteak beste XVIII. mendeko erretaula barrokoa, gaur egun hiriburuko elizan ikusgai dagoelarik.