JUL. 11 2024 Gaur X urte Duela lau urte hil zen Iñaxi Etxabe bertsolari gipuzkoarra Gaur dira lau urte Iñaxi Etxabe bertsolari zumaiarra zendu zela. Emakumezkoa izanda, aitzindaria izan zen bertso munduan, eta 2015eko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan aitortza egin zioten. Iñaxi Etxabe, 2015eko Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan. (Jon URBE | FOKU) GAUR8 Iñaxi Etxabe gipuzkoar bertsolaria izan zen, Zumaian jaioa 1933ko martxoaren 26an. Duela lau urte zendu zen, 87 urterekin. Bertsopaper asko idatzi zituen, eta XX. mendeko emakume bertsolarien aitzindarietako bat izan zen. Gizonezkoen esparrua debekatuta, bertso jarrietara bideratu zuen jarduna. Hamaika senidetan gazteena zen eta Oikiako eskolara hasi zen, bost bat urterekin. Maistra zumaiarra eta euskalduna zuen, Angelita Zinkunegi, zeinek ikasleei euskaraz mintzatzea onartzen zien eta gainera jolaserako pilotak egiten zizkien. Pilotari ona izan zen. 14 urterekin eskola utzi eta etxekoekin lanean aritu zen. Kantatzea beti gustatu izan zitzaion eta behizain joaten zenean beti eramaten omen zuen patrikan aitak edo anaietakoren batek ekarritako bertso-paperen bat. Etxabek kantatuz-kantatuz denak buruz ikasten omen zituen. 23 urterekin, Zarautzera joan zen neskame eta han bizi izan zen geroztik. 1955ean idatzi zituen aurreneko bertsoak, eta geroztik ez zen geratu langintza horretan. Arantzazun bostehun pezetako sariketa bat irabazi zuen 1956an. Bertso haiek soroan lekak biltzen ari zela atera zituen. Jendaurreko lehen saioa San Frantziskoren hirugarren ordenakoen urteko lagunarteko bazkarian izan zen. Gero, Arantzazun, gogo-jardunak egitera joan zenean, bertako aldizkarian argitaratu zituen geroago bertso idatziak. Beti jirabira horretan gauzatu zen bere jarduna. Hala ere, ez zuen tabernetan bertsotan inoiz egin, garai haietan emakume izanik fama txarra hartuko zuenaren beldurrez. 2015ean Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako antolatzaileek Etxabe hautatu zuten irabazleari txapela jartzeko eta horrekin batera plazan bertsoak kantatzea ukatu zaien emakumeei gorazarre egiteko.