GAUR8 - mila leiho zabalik

Lakuak milioi bat euro banatuko du liburutegietarako funtsak sortu edo berritzeko

Lakuako Gobernuak milioi bat euroko partida adostu du EAEko liburutegietarako funtsak sortu eta berritzeko dirulaguntzetara. Hilabeteko epea dago eskaerak aurkezteko, agindua EHAAn argitaratu eta biharamunetik.

Liburutegi baten funtsak, artxiboko irudian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Lakuako Gobernuko Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak milioi bat euro bideratuko du Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) liburutegietarako funtsak sortu edo berritzeko dirulaguntzetara.

Exekutiboko iturriek azaldu dute 15.000 euro izango direla gehienez, liburutegi sortu berriek funts sortak eskuratzeko, 30.000 euro EAEko Irakurketa Publikoko Sarekoak ez diren euskal liburutegietako funtsak hornitzeko, eta 955.000 euro lehendik Irakurketa Publikoko Sarean dauden liburutegiek liburu funtsak berritu ditzaten.

EAEko udalei, liburutegi publikoen titular diren toki erakunde eskudunei eta EAEko udal liburutegi publikoen arloan eginkizunak esleituta dituzten udal erakundeei zuzenduta dago deialdia, baldin eta haien liburutegiak EAEko Irakurketa Publikoko Sarekoak badira.

EAEko irakurketa publikoko sarekoak izanik toki erakundeek kudeatzen ez dituzten beste liburutegiei eta liburutegien titular diren pertsona juridiko pribatuei ere zuzentzen zaie deialdia, baldin eta Erkidegoko Liburutegi Sistemako liburutegien titularrak badira.

Eskaerak aurkezteko epea hilabetekoa izango da onartutako agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian (EHAA) argitaratu eta biharamunetik hasita. Iazko deialdian, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 176 liburutegik jaso zuten beren funtsak berritzeko edo sortzeko dirulaguntza.