JUL. 19 2024 Araiako Umorezko Antzerki Jaialdiak gaueko kaleko emanaldiak berreskuratuko ditu Araiako Umorezko Antzerki Jaialdiak gaueko kaleko saioak berreskuratuko ditu ostiral eta larunbatetan, eta Arabako beste 25 herritara zabalduko da. Jaialdiko webgunean eskuragarri daude, sarrerak, abonuak eta programazioa. Araiako jaialdiaren aurkezpena, irudian. (Arabako Foru Aldundia) GAUR8 Araia-Asparrenako Umorezko Antzerki Jaialdiaren 31. edizioa ospatuko dute abuztuan. Hilaren 14tik 18ra Araia izango da «jaialdiaren erdigunea», kalean zein kiroldegian 12 emanaldi eskainiz. Programak, gainera, gaueko emanaldiak berreskuratuko ditu. Ostiral eta larunbatean izango dira gaueko emankizun horiek, herriko erdigunean, 00.30etik aurrera, kiroldegiko antzerki emanaldia bukatu ondoren. Guztira 14 konpainia ezberdinen 40 emanaldi bilduko dituen jaialdiaren programazioa Arabako beste 25 herritara zabalduko da, aurreratutakoaren arabera. Nabarmendu dutenez, penintsulako iparraldeko udako erreferenteetako bat bilakatu da jaialdia, «programazio anitz eta askotarikoa» eskainiz. Max sarietan finalista izan den Las niñas de Cadiz konpainiaren ‘Las Bingueras de Euripides’ lanak irekiko du jaialdia 14an. Abuztuaren 15ean, Tentazioa euskal konpainiaren ‘Nunca he estado en Dublin’ antzezlana taularatuko dute, eta 17an, Ay teatro konpainiaren ‘Vive Moliere’ lana ikusi ahal izango da. Kaleko antzerki lanei dagiokienez, 16an abiatzen dira saioak Jean Philippe Kikolas konpainiaren ‘Sin remite’, Proyecto Kavauri konpainia andaluziarraren ‘Lullaby’ eta Zirkozaurreren ‘Harreman’ lanekin. Abuztuaren 17an, La Roca Producciones konpainien eta Maite Guevara gasteiztarraren lanekin gozatu ahal izango du ikusleak; eta hilaren 18an, Cia Trotamundos eta Ganso & Cia euskal konpainien lanak izango dira taularatuko dituztenak. Sarrerak eta abonuak eskuragarri daude jaialdiaren webgunean eta Entradium plataforman, abonua abuztuaren 11era arte soilik.